XXXI. herri krosa apirilaren 24an eginen da

TTIPI TTAPA 2010eko apirilaren 13a

Izena egun berean edo aurretik Internetez eman daiteke

Aurrera Kirol Elkarteak antolatzen duen eta 30 ediziotik gora dituen herri krosa apirilaren 24an jokatuko da. Benjamin (800 metro), alebin eta infantil (2,5 kilometro), kadete (5 kilometro mutiletan eta 2,5 nesketan), junior (7,5 kilometro gizonezkoetan eta 5 emakumezkoetan), senior eta beteranoen mailako (10 kilometro gizonezkoek eta 5 emakumeek) lasterketak izanen dira.
Benjaminak 16:15ean hasiko dira korrika; alebinak eta infantilak 16.30ean; 17:00etan kadete eta juniorrak eta 17:30ean gainerakoak. Guztiak kale nagusitik aterako dira eta plazan amaituko dute.

Izen-ematea
Bi modu dituzte lasterkariek izena emateko. Alde batetik, egunean bertan 15:30etik 17:00etara edo bestela, www.herrikrossa.com atarian.
Sariei dagokienez, kategoria kontuan hartu gabe, gizonezkoetan lehenak 200 euro eskuratuko ditu, 140 euro bigarrenak, 80 euro hirugarrenak eta 50 euro laugarrenak. Eta emakumezkoetan, 100 euro lehenbizikoak, 70 euro bigarrenak, 40 euro hirugarrenak eta laugarrenak 25 euro. Horrez gain, Andres Perezen marka (29:49) hobetzen duenak 150 euro jasoko ditu.
Herritarrentzat ere sari bereziak izanen dira: gizonezko seniorretan lasterketa 48 minutu baino gutxiagotan egiten duten bost laguneko taldeak axuria hartuko du opari gisa; emakumezko seniorretan 28 minutu azpitik egiten duen hiru laguneko taldeak ere bai; eta beteranoetan 50 minutu azpitik egiten duten hiru gizonezkoen taldeak eta 30 minutu azpitik egiten duen hiru emakumezkoren taldeak ere bai.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun