Hurrengo astean jarriko da martxan zaborren zerbitzu berria

Esteban AROTZENA 2010ko api. 13a, 12:21
Aldaketarik ezean, edukiontziak puntu hauetan egonen dira. ttipi-ttapa

12 puntutan kokatuko dira edukiontziak

Mendialdea Mankomuniteak kudeatuko duen hondakinen bilketa sistema berria apirilaren 19an jarriko da indarrean. Eta jakina denez, kudeaketa berri horrek hainbat berrikuntza ekarriko ditu. Hasteko, orain arte egin ez dena: plastikoa, papera eta kartoia birziklatu eginen dira.
Zaborrontzi kopurua ere murriztu eginen da, eta 12 bilketa puntu izanen dira: Leitzara bidean Arotxan etxean, Peroneko atarian, Urrutineko atarian, Belako atarian, Idoitako askan, suhiltzaileen parkean, Juanan tartean, Umore Ona Elkartearen atarian, Txino auzoan, Errekaundin, eskolan eta fabriken inguruan.
Orain arte, aguazila izan da astean bitan kamioiarekin hondakinak bildu dituena, baina hurrengo astetik aurrera, Mendialdea Mankomunitateak kontratatu dituen lau langileak arduratuko dira –bat herritarra–. Ohiko edukiontzi berdeak astean lau egunetan hustuko dira, eta urdinak eta horiak astean behin.
Pilak, olioa, lixiba eta gisako hondakin berezientzat Puntu Garbia izeneko beste gune bat ere irekiko da.

Tasak
Beste aldaketa esanguratsua tasen igoera izanen da. Mankomunitatea osatzen duten herrietan ordaindu beharrekoa berdina izanen da. Bilketagatik, herrigunean bizi direnek 28 euro ordaindu beharko dituzte lau hilabetetik, eta herrigunetik aparte bizi direnek 14 euro lau hilabetetik. betetik. Hortaz aparte, Hiri Hondakinen Partzuergoari ere beste tasa bat ordaindu beharko zaio, zaborren tratamenduagatik: lau hilabetetik behin 12,71 euro.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun