2008az geroztik ez zen gure mendi publikoetatik intsignis pinu lote bat bakarrik ere saldu. Sektorearen krisi ikaragarriari Landetan haizete batek eragindako txikizioa gehitu zitzaion, eta bi faktore hauen erruz, Hego Euskal Herriko egurraren ustiapenak hondoa jo zuen.
Orain, Frantziako pagotxa bukatzear dagoela dirudienean, merkatua zer edo zer mugitzen hasi da, udaletxean esan zigutenez. 2008ko abuztuan subastara ateratako hiru mendi bere horretan zeuden geroztik, erostunik ez zegoelako. Orain dela aste batzuk Etorki Kooperatiba Elkarteak eskaintza luzatu duen arte, hain zuzen. Udalak nahi adinakoa ez omen da Etorkitik jaso duen eskaintza ekonomikoa, baina Nafarroako Gobernuko teknikariek horrela aholkatuta, hiru loteak arabarrei saltzeko erabakia hartu zuen aho-batez korporazioak otsailaren 23ko osoko bilkuran.
Loteak banan-bana aipatuz, esan, Zontzorrotz Ospela parajean 6.696 metro kubiko neurtuko duten 3.464 pinu botako direla. 145.364 eurotan baloratuak; Kinttalkoko 2.889 zuhaitzek 4.544 metro kubiko neurtuko dute (74.000 euro); eta azkenik, Isilesko erreka parajekoak 2.885 pinu eta 3.196 metro kubiko ditu (59.126 euro).
Landaketak
Aurtengo neguko landaketa kanpaina ere oparoa izan da ohi bezala. Zontzorrotzen, Zumarrenean, Urraideko lepoan eta Biribiltan burutu dira landaketa nagusiak. Intsignis pinu gaztea ihartu den mendietan, Iruñak hartu du bere gain aurrekontuaren %100. Besteetan, berriz, dagokion subentzioa, %80a inguru, eman dio Udalari. Landare motei buruz, esan, %60a koniferoa landatu dela, eta gainerakoa, ostozabala.