Nafarroko Bertsolari Txapelketaren inguruan, hitz eta pitz aritu dira Leitzako Karrape irratian. Julio Sotori buruz esan da, Euskal Herriko Txapelketan, airoso atera zela Anaitasunan jokatutako kanporaketatik, eta Anoetakotik berdina egin izan balu eta BECera ailegatu izatera, lehen nafarra izango litzatekeela Euskal Herriko Txapelketaren finalean. Eta hara non sorpresa handia hartu dugun, ez baitzen hala izango.
1962an, Migel Zabaleta aresoarra, Migel Arozamena lesakarrarekin batera, Donostiako Astoria zineman aritu zen, eta beraz, bi nafar badira lehendik Euskal Herriko Txapelketako finalean arituak. Bazterrak mugituz atera da berri hau.
Areson ere jokatu omen zen Txapelketa Nagusiko kanporaketa bat, eta Martin Azpiroz eta Zabaleta herritarrek parte hartu zuten. Sastineko etxea erabili omen zuten kartzela modura, eta jendetza bildu omen zen. Beste kanporaketak Erratzun, Etxarri Aranatzen eta Goizuetan egin ziren.
Nafarroako azpitxapeldun
Zabaleta Nafarroako azpitxapeldun izan zen 18 urterekin eta bertsolari gazteenaren kopa, zilarrezko bikiak eta 200 pezetako saria jaso zituen. Baina beste ohore handia Euskal Herrikoan Lopetegi, Azpillaga, Mattin, Xalbador, Uztapide, Baserri, Mitxelena, eta Lazkao Txikiren artean lanean aritzea izan zen. Herrialde bakoitzetik bina bertsolarik eta gipuzkoarrak asko zirelako lauk parte hartu zuten urte hartan.
Zabaletak oraindik gogoan du orduko lehen bertsoa, berari tokatu baitzitzaion kantatzea: kezka pixka bat ematen dit neri/hemen kantari hasteak/poza galanta ematen bai du/ zuek hemen ikustiak/era berdinen agurtzen ditut/ nik zaharrak eta gaztiak/ egun eder bat pasa zazuten/ etorritako guztiak. Doinuari zortziko handia deitzen omen zioten garai hartan.
Esan digunez, gaztea zela, bertso zaharrak irakurriz eta kantatuz sortu zitzaion afizioa, eta ardiak zaintzen zituen bitartean, kantatzea oso gogoko omen zuen. Garai hartan, bertsoetarako zaletasuna oso hedatua zegoela ere kontatu digu.