Leitzako Aurrerak Berria txapelketan izan duen ibilbide bikaina San Jose egunean bukatu zen Tolosako Beotibar pilotalekuan. Aurrera Saiaz taldeko tolosarren kontrako finalerdiei ongi ekin zioten leitzarrek, Anartz Olano eta Mikel Hernandorenak 22 eta 7 irabazi baitzieten Labaka eta Elustondori.
Baina jubenil mailan, Urbieta Zinkunegi tolosarrek ere 22 eta 7 irabazi zieten Leitzako Xabi eta Jon Jaunarena anaiei.
Gauzak honela, senior mailako partidak emanen zuen finalerako txartela. Irabazten zuenak finala jokatu zuen. Aurrera Saiazeko Renobales eta Galarragak 22 eta 15 irabazi zieten Aurrerako Iñaki Esain eta Mikel Iriarte eta beraz, tolosarrek lortu dute finalean sartzea.
Nafarroako Kirol Jolasetan txapeldun
Nafarroako Kirol Jolasetan bi final zituzten Aurrerako pilotariek San Miguelekoen kontra eta bietan garaipena lortu zuten leitzarrek. Hirugarren mailako kadetetan, Xabi Erasok eta Ibai Gilek 22 eta 16 irabazi zuten eta bigarren mailako infantiletan, 18 eta 14 irabazi zuten Xabier Zubiria eta Ander Eskuderok.
Anartz Olano Zizurko finalean
Anartz Olano aresoarrak ostiralean ez ezik igandean ere lan egin behar izan zuen, Zizurko txapelketan, kadete mailako finalaurrekoa baitzuen. Jokatu eta aise, 18-5 irabazi zuenez, finalean izanen da.
Irurtzungo txapelketan ere garaipenak lortu zituzten Aurrerako Goikoetxea eta Txoperenak benjamin mailan (18-6) eta Lezea eta Salaberriak alebinetan (18-9).
GRAVN txapelketan, azkenik, larunbat goizean jokatutako jubenil mailako partidan, Jon Jaunarena leitzarrak eta Otamendik, Nafarroa ordezkatuz, 22 eta 16 irabazi zioten Gipuzkoako bikoteari.