Martxoaren 6 eta 7an eginiko argazki zaharren erakusketak izugarrizko interesa piztu zuen. Parte-hartzea handia izan zen; 100 lagun inguru bertaratu ziren eskolako gimnasiora. Jendearen aurpegitan sentimendu askoren nahasketa antzeman zen: ilusioa, melankolia, sorpresa, emozioa, hunkidura… Erran, 156 argazki aurkeztu zirela erakusketara. Gehienak 70. hamarkadakoak ziren, baina baziren zaharragoak ere.
Argazki sariduna Elixaldeko familiak aurkeztu zuen; 80 urte inguru dituen argazkiak elizak sarreran zuen arkupe/zutabe arkuduna erakusten du. Sorpresa haundia eragin zuen argazki honek, gehienek ez baitzuten ikusi, ez aditu ere horrelako sarrera zuenik.
Bigarren eta hirugarren sariak Zarrantzeko familiak lortu zituen. Bigarren sariko argazkian herrian jaiotako apeza zen Valentin Oteizaren lehendabiziko meza eta herriko monagiloak ageri dira, Joxe Zarrantz eta Martin Subizarren janzkera erakusten du –70 urte inguru izanen ditu argazkiak–. Eta hirugarren sarituan,1970 urte ingurukoan, Legasako mutilak goitiko karrikan dantzan ikus daitezke.
Azkenik, bozketan parte hartu zutenen artean, bertze zozketa egin zen eta Morrongeneko Fermin Zelaieta atera zen saritua.
Lerro hauen bidez antolatzaileek eskerrak eman nahi izan dizkiete herritar guztiei, parte-hartze, kolaborazio eta eskuzabaltasunagatik.