Berria pilota txapelketako finalerdiak jokatuko ditu Leitzak, Markina mendean hartu ondotik

TTIPI TTAPA 2010eko martxoaren 15a

Leitza eta Markinako pilotariak, igande goizean Amazabalen. TTIPI TTAPA

Aurrera Saiazen kontra ariko da asteburuan Tolosako Beotibarren

Berria txapelketako finalerdiak jokatuko ditu Leitzak, igande goizean Markinaren kontrako hiru partidak Amazabal pilotalekuan irabazi ondotik.

Espero baino emozio gutxiago izan zen, hiru partidak erraz xamar irabazi baitzituzten Leitzako pilotariek.

Kadete mailan, Leitzako Anartz Olanok eta Mikel Hernandorenak 22 eta 7 irabazi zieten Markinako Albizu eta Pujanari; jubeniletan, Leitzako Xabi Jaunarena eta Jon Jaunarena anaiek 22 eta 12 irabazi zieten Markinako Arrieta eta Aretxabaletari eta senior kategorian, Leitzako Iñaki Esain eta Mikel Iriartek 22 eta 14 irabazi zieten Markinako Urberuaga eta Castillori.

Honela, heldu den asteburuan finalerdietako partidak jokatuko dituzte Leitzako Aurrerak eta Tolosako Aurrera Saiazek, Tolosako Beotibar pilotalekuan.

 

Nafarroako Kirol Jolasetako finalerako sailkatuak

Nafarroako Kirol Jolasetan finalerako txartela lortu dute Aurrerako bi bikotek. Izan ere, joaneko partidak ez ezik itzulerakoak ere irabaztea lortu dute. Hirugarren mailako kadetetan, Xabi Erasok eta Ibai Gilek 22 eta 12 irabazi zioten Aranpilotako bikoteari eta bigarren mailako infantiletan, Xabier Zubiria eta Ander Eskuderok 18 eta 12 irabazi zioten Zugarraldeko bikoteari.

 

Zizurko txapelketan, kadete mailan 8 eta 18 galdu zuen Aurrerako Joxerra Aldaregiak Otamendiren kontra eta alebinetan, Aurreako Lezeak ere galdu egin zuen, 10 eta 16.

Irurtzungo txapelketan, aldiz, infantil mailan Ander Gartziarenak eta Lenitz Galartzak 18 eta 11 irabaztea lortu zuten.

 

Abel Barriola garaipenarekin bueltatu da

Asteburua berri onez betea izan da Leitzako pilotarientzat. Izan ere, ostiralean, kasik urtebete kantxetatik kanpo egon ondotik, Amazabal pilotalekuan berriz ere jokoan ikusi genuen Abel Barriola. Retegi Birekin batera, 22 eta 19 irabazi zieten itxura ederra eman zuen Idoate hasiberriari eta Eulateri.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun