Martxoaren 12an, ostiral gaueko hamarretan hasita bi partida ikusgarri eta garrantzitsu dituen pilota jaialdia izanen da Leitzako Amazabal pilotalekuan, Aurrera elkarteak babestuta. Lehenbizikoan, Jon Apezetxea goizuetarra eta Ladis Galartza, Berasaluze IX eta Larrinagaren kontra ariko dira. Bigarrenak, berriz, izugarrizko ikusmina piztu du, kasik urtebeteko lesioaren ondotik, Abel Barriolaren berragerpenekoa izanen baita. Leitzako atzelariak, Julen Retegi izanen du lagun aurreko koadroetan eta Idoate eta Eulateren kontra ariko dira. 20 euroan salgai izanen diren sarrerak erreserbatzeko 619 606265 telefonora deitu behar da.
Martxoaren 14an, berriz, igandean 10:30ean Berria txapelketako finalaurdeneko partidak jokatuko dituzte Leitzak eta Markinak Amazabal pilotalekuan.
Kadete mailan, Leitzako Anartz Olano eta Mikel Hernandorena, Markinako Albizu eta Pujanaren kontra ariko dira; jubeniletan, Xabi Jaunarena eta Jon Jaunarena leitzarrak, Markinako Arrieta eta Aretxabaletaren kontra; seniorretan, azkenik, Iñaki Esain eta Mikel Iriarte, Markinako Urberuaga eta Castilloren kontra ariko dira.
Jon Jaunarena Euskalerriko Ligan txapeldun
Euskalerriko Ligako finala jokatu zuen larunbat goizean Jon Jaunarena leitzarrak, 22 urtez beheitiko kategorian. Jokatu ez ezik, irabazi ere bai, 22 eta 3 gailendu baizitzaion Markinako ordezkariari.
Nafarroako Kirol Jolasetako finalaurrekoetan ere garaipena lortu zuten Aurrerako pilotariek. Hirugarren mailako kadetetan, Aurrerako Xabi Erasok eta Ibai Gilek 22 eta 8 irabazi zieten Aranpilotako ordezkariei Mutiloabeitin eta bigarren mailako infantiletan, Xabier Zubiria eta Ander Eskuderok 18 eta 16 irabazi zioten San Migueleko bikoteari Lizarran.
Zizurko txapelketan, kadete mailan, Aurrerako Anartz Olanok 18 eta 1 irabazi zion San Migueleko Garaiori eta Aurrerako pilotarien asteburua borobiltzeko, Herrerako txapelketan, kadete mailan, Xabi Jaunarenak eta Mikel Hernandorenak 22 eta 20 irabazi zieten Hernan eta Apeztegiari.