Krisiak horretara behartuta edo, iazko diru kopurua %24an jaisten duen aurrekontua onartu du Udalak ahobatez 2010erako, hau da, 1.402.319 eurokoa. Gogorarazi dezagun, 1.833.000 eurokoa zela 2009koa.
Gastuei gainbegirada emanez, esan, udal langileen eta mota askotako kontzeptu orokorrek osatzen dituztela puskarik gizenenak. Hortik kanpo, eta inbertsioen arloan, aipagarriak dira Zubi Haunditik Zibola bitarteko eskoilera-pasealekuarentzat aurreikusten diren 138.000 euro; Maioberriko pistaren 98.000 euro; eta industria pabiloia erosteko erabiliko diren 98.000 euro. Hainbat mendiren landaketa kanpainarako, berriz, 300.000 euro beharko dira, baina dirutza honen portzentaia haundia, %80 inguru, Nafarroako Gobernuak subentzionatuko du.
Diru-sarrerei dagokienean, aipatzekoa da, menditik sartzea espero dela –sektorearen krisiak krisi–, diru kopururik garrantzitsuena, 436.000 euro, hain zuzen. Zerga eta tasek eta Iruñetik etorriko diren dirulaguntzek osatzen dute, besteak beste, eta ohi den bezala, 2010eko aurrekontuen diru-sarreren zerrenda.