«Aldarrikapen eta eguneroko lanaren bidez, gure egoera aldatzen ari gara»

TTIPI TTAPA 2010eko martxoaren 1a

TTIPI TTAPA

Emakumeen Mundu Martxa prestatzen ari da Leitzako Bilgune Feminista burubelarri. Izan ere, nazioarteko martxa horren errelebo ibilbidea eginen da martxoaren 8tik 13ra Euskal Herrian eta tartean, hilaren 12an, Leitzan eginen du geldialdia. Aukera aprobetxatuz, martxari buruz eta emakumeen egoeraz mintzatu gara Saioa Iraola Leitzaldeko Bilgune Feministako kidearekin. Duela lau urte sortu zen bilgunea, eskualdean «hainbat arlotan ikuspegi feminista txertatzearen beharra» zegoela ikusita.

Azken hamarkadetan emakumea gehiago nabarmendu da, baina oraindik ere desberdintasunak badira...
Aldaketak izan diren arren, aldaketa hauetan mugimendu feministak egindako lana nabarmendu behar da; finean, bizi garen jendarteak botere harreman hierarkikoetan du oinarria. Harreman hauen baitan sistema oso bat sortzen da; sis­tema ekonomiko, poli­tiko zein soziala. Baina pixkanaka, aldarrikapen eta eguneroko lanaren bitartez, emakumeok gure egoera aldatzen ari gara.


Zein gabezia ditu ema­kumeak Leitzaldean?
Gabeziak ugariak dira baina guk Mundu Martxari begira prekarietatearen gaia lantzea erabaki dugu. Alde batetik, eskualdean ordaindutako lana eskuratzeko emakumeek dauzkagun zailtasunak salatzeko, hor daukagu Sarriopa­peleko kasua. Bestetik, urteetan  eta egun ema­kumeok egiten ditugun zaintza lanak bisibili­zatu eta baloratu nahi genituzke. Eta, bide batez, egungo jendartearen biziraupenerako duten garrantzia azpi­marratu. Horrez gain, zaintzen globalizazioa deitzen zaionaren ondorioz, emakume etorkinek zaintza lanetan hartu duten ardura ere ezagutaraztea interesgarria litzateke. Leitzaldean, zain­tzan ari­tzen diren etorkinak badaudenez beraiekin  lanketa bat egin nahi dugu. Bideo bat osatzen ari gara Leitzaldeko emakumeen errea­litatea ezagutarazteko.


Zer da Emakumeen Mundu Martxa?
Dimentsio globala duen ekimena da, 10 urteko ibilbidea bete duena. 2000. urtean ospatu zen lehenengo aldiz. Orduko hartan, pobrezia eta emakumeon kontrako indarkeria ikusgarri bihurtu eta hauen aurrean neurri errea­lak hartzeko beharra azaleratzea zen helbu­rua. Mobilizazio andana burutu ziren mundu osoan martxoaren 8tik urriaren 17a bitarte; Emakumeen eskubideen aldeko Nazioarteko Egunetik Pobreziaren Nazioarteko Eguna arte. Bost urtean behin mobilizatu eta data hauek hasiera eta amaie­ra mugarritzat har­tzea erabaki zen. 2005­ekoa benetan berezia izan zen, mundu mailan errelebo bidezko ekintza bat egiteaz gain, Munduko Baloreen Karta adostu baitzen 2.500 herrialdetako 4.000 emakume talde baino gehiagoren artean. Euskal Herriak errelebo propioa izan zuen, estatu gabeko herrialde independientetzat onartu baitzen. 2010ekoa berriz, erronkaz jositako Mundu Martxa irudika­tzen zaigu eta ekimen in­ter­nazionalak ugariak izango dira martxoan. Horien artean, emakumeen jantzien munduko bilduma bat osatu nahi da.


Lau arretagune nabarmendu nahi dituzue mar­txan. Azaldu...
Alde batetik, denentzako onura dakarten aberastasun publiko eta komunen zaintza. Hauen artean dira ur edangarria, elikadura subiranotasuna, osasunerako eskubidea... Bigarrenik, bakea eta desmilitarizazioa. Emakumeak gara edozein gatazke­tan eraginik latzenak pairatzen ditugunak. Hirugarrenik, emakumeen lana. Eskubide osoz eta diskriminaziorik gabe bizitzeko aukera izatea. Ea azkenik, emakumeen kontrako indarkeria; gure jendartean gertatzen den giza eskubideen urraketa larrienetakoa eta heda­tue­netakoa da. Emakume izateagatik jasaten dugun biolentzia oroz ari gara: sexu erasoak, prostituzio behartua, lantokietako sexu-jazarpena…

HELBURUAK
«Mundu Martxari begira prekarieta­tea­ren gaia lantzea erabaki dugu. Alde batetik, eskualdean ordaindutako lana eskuratzeko emakumeok dauzkagun zailtasunak salatzeko (...) Bestetik, urteetan eta egun emakumeok egiten ditugun zaintza lanak bisibilizatu eta baloratu nahi genituzke».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun