Leitzak Berria txapelketako final laurdenak jokatuko ditu Markinaren kontra

TTIPI TTAPA 2010eko otsailaren 23a

Leitzako ordezkaritza ostiralean Hernanin, tartean Esain profesional ohia. TTIPI TTAPA

Ostiralean Hernani mendean hartu zuen

Joan den ostiralean Berria txapelketako kanporaketa jokatu zuten Hernanik eta Leitzak Gipuzkoako herrian. Kadete mailan, Leitzako Anartz Olano eta Mikel Hernandorenak 22 eta 12 irabazi zieten Hernaniko Urkizu eta Murgiondori. Jubeniletan, Leitzako Xabier eta Jon Jaunarena anaiek 19 eta 22 galdu zuten Hernaniko Santxo eta Lizeagarekin eta nagusien kategorian, Leitzako Esain eta Mikel Iriartek 22 eta 13 irabazi zieten Ojuel eta Gorrotxategiri.

Hurrengo kanporaketa final laurdenetakoa izanen du Leitzak Markinaren kontra martxoaren bigarren asteburuan zehaztu gabeko tokian.

 

Euskalerriko Liga

Euskalerriko Ligan ere, eskuz bederen, emaitza onak lortu dituzte Aurrerako pilotariek asteburuan. 22 urtez azpiko kategorian, buruz buruz 22 eta 10 irabazi zion Jon Jaunarenak Gaztelekuko ordezkariari eta kadetetan, Xabier Jaunarena eta Mikel Hernandorenak 22 eta 8 irabazi zioten Alegian Intxurreko bikoteari.

Nesken paleta goma txapelketan, lehen mailako final laurdenean, aldiz, Aurrerako Saioa Aristorena eta Iera Agirrek 29 eta 30 galdu zuten Contin eta Aristorenaren kontra.

 

Nafarroako Kirol Jolasak

Nafarroako Kirol Jolasetan hainbat partida jokatu zituzten Aurrerako pilotariek. Leitzan larunbat goizean jokatutako partidetan honako emaitza hauek izan ziren. Hirugarren mailako alebinetan, Beñat Billabona eta Josu Sukuntzak 1 eta 18 galdu zuten Larraungo bikotearen kontra; lehen mailako alebinetan, Jon Lezeak eta Aimar Gilek 18 eta 10 irabazi zioten Pilotajaukuko bikoteari; bigarren mailako infantiletan Xabier Zubiriak eta Ander Eskuderok 18 eta 6 irabazi zieten Pilotajaukuko bikoteari eta lehen mailako infantiletan, Iñaki Saralegi eta Lenitz Galartzak 3 eta 18 galdu zuten Bortzirietako bikotearen kontra.

Etxetik kanpo ere aritu ziren leitzarrak. Iruñeko Aranzadin Mendillorriko bikoteen kontra jokatutako bi partidetan, bigarren mailako kadetetan 19 eta 22 galdu zuten Mikel Onsalo eta Xabier Apezetxeak eta hirugarren mailako kadetetan, 22 eta 10 irabazi zuten Iñigo Mitxaus eta Ibai Barberenak.

Mutiolabeitin ere beste bi partida jokatu zituzten leitzarrek Aranpilotako bikoteen kontra eta biak irabazi egin zituzten: hirugarren mailako infantiletan 18 eta 2 Julen Goikoetxeak eta Mikel Erasok eta hirugarren mailako kadetetan 22 eta 3 Xabi Erasok eta Ibai Gilek.

Arbizun, lehen mailako benjaminetan, 12 eta 18 galdu zuten Oier Goikoetxea eta Patxi Klaudiok Aldabideko bikotearekin eta kategoria berean, Lekunberrin, 18 eta 9 irabazi zioten Hegoi Txoperenak eta Koldo Hernandorenak Larraungo bikoteari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun