Astearteiñote ondorengo larunbata da azkeneko urte hauetan karnabaletako egunik indartsuena parrandazaleen kopuruari dagokionean behintzat.
Jakina den bezala, egun horretan ixten ditu kontuak Mozorroen Taldeak. Oraintsu arte afariarekin batera egiten zuten hori, baina arratsa motz xamarra gelditzen zitzaielako, festa bazkariarekin hastea erabaki zuten Mozorroek iaz. Esperimentua gustatu zitzaienez, aurten ere horrelaxe eginen dute. Bazkalondoren, eta ordaindu beharrekoak ordaindutakoan, kalejira eginen dute Mozorroek tabernaz taberna. Ez gainera edozein soinujoleren erritmoan dantzatuz, Solano eta Jon Mari trikitilari ospetsuen doinuekin baizik.
Herritar arruntez ere oroitu dira Mozorroak, eta aurten, krisiak krisi, dantzaldia antolatu dute plazan 20:00etan hasita, Bide batez taldearekin. Hortik aurrekoari buruz, ez dio deus programa ofizialak, baina igande eguerdi bitarteko bueltan izanen da zer ikusi eta zerekin gozatu.
Bukatzeko, bidezkoa da esatea, karnabal guzien antolakuntzaren ardura Mozorroen Taldeak hartu duela bere gain. Udalak, Umore Onak eta Gazte Asanbladak ematen diote dirulaguntzatxoa musikak sortzen dituen gastuentzat.