Palaz irabazi eta eskuz galdu egin dute Aurrerako pilotariek Euskalerriko Ligan

TTIPI TTAPA 2010eko otsailaren 17a

Nafarroako Kirol Jolasetan ere hainbat partida jokatu dituzte

Euskalerriko ligako pilota partidak izan zituzten larunbatean Leitzako Aurrerako pilotariek eta laburpena erraza da. Eskuz aritu ziren mutilek galdu egin zuten eta palaz aritu ziren neskek irabazi.

Kadete mailako eskuz binakako txapelketan Leitzan jokatutako partidan, Aurrerako Jaunarena eta Hernandorenak 19 eta 22 galdu zuten Aurrera Saiaz taldeko Maiza eta Elustondoren kontra. Munitibarren (Bizkaia) aritu zen Jon Jaunarena 22 urtez azpiko buruz buruko kategorian eta 16 eta 22 galdu zuen Markinako Urionabarrenetxearen kontra.

Nesken paleta goma txapelketan ere Bizkaian aritu ziren Aurrerako Saioa Aristorena eta Iera Agirre, Mallabian zehazki. Lehen mailako partidan, 30 eta 17 irabazi zieten Leunda eta Isasmendiri

Ziruzko eskuzko txapelketan, alebin mailako bi partida jokatu zituzten Leitzako pilotariek. Jon Lezeak garaipena lortu zuen, baina Beñat Altzelaik galdu egin zuen.

 

Nafarroako Kirol Jolasak

Nafarroako Kirol Jolasen barrenean ere hainbat partida jokatu dituzte Aurrerako pilotariek. Larunbat goizean Leitzako Amazabal pilotalekuan aritu ziren. Bigarren mailako benjaminetan, Mattin Sukuntzak eta Joseba Eskuderok 1 eta 18 galdu zuten Zugarraldeko bikotearekin; hirugarren mailako kadetetan, Xabi Erasok eta Ibai Gilek 22 eta 8 irabazi zioten Mendillorriko bikoteari eta Iñigo Mitxaus eta Ibai Barberenak 13 eta 22 galdu zuten San Miguelekoarekin; bigarren mailako kadetetan, Mikel Onsalo eta Xabier Apezetxeak 22 eta 5 irabazi zioten Sutegiko bikoteari.

Etxetik kanpo jokatutako partidetan, Uharte Arakilen, bigarren mailako infantiletan, Xabier Zubiria eta Ander Eskuderok 18 eta 4 irabazi zioten Aralar Mendiko bikoteari; Iruñean, lehen mailako benjaminetan, Oier Goikoetxeak eta Patxi Claudiok 17 eta 18 galdu zuten Oberenako bikotearekin; Lekunberrin, Larraun eta Aurrerako hiru bikoteren arteko partidak jokatu ziren eta hiruetan Lekunberrikoak suertatu ziren garaile: hirugarren mailako alebinetan, 6 eta 18 galdu zuten Beñat Billabonak eta Josu Sukuntzak; bigarren mailako alebinetan 5 eta 18 Ander Alduntzin eta Joanes Illarregik eta lehen mailako alebinetan 9 eta 18 Jon Lezeak eta Beñat Altzelaik.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun