Gaur, astelehena, zabaldu da Leitzako Landa Goikoa eremuan eginen diren etxebizitza babestuetan izena emateko epea eta martxoaren 15era bitarte zabalik egonen da. Interesatuek udaletxera jo beharko dute horretarako.
Leitzako Udalak 40 etxebizitza eginen ditu eremu honetan, eta horietatik 24 babes ofizialekoak eta 16 tasatuak izanen dira. Baina orain zabaldu dituzten izen-emateko zerrenda horiek 40tik 32 etxebizitzentzat dira eta Nafarroan erroldatuak daudenentzat izanen dira; gainerako zortzien zerrendak beranduago zabalduko dira eta horietan herritarrek izanen dute lehentasuna. Pisu berri hauek egiteko lanak hasiak dira eta badirudi martxa onean doazela.
Landa Behekoan etxebizitza gehiago
Landa Goikoko egitasmo hau bi zati dituen proiektu baten lehenengo fasea baino ez da. Izan ere, Landa Behekoan 216 etxebizitza egitea aurreikusia du Udalak. Kasu honetan, 166 babes ofizialekoak izanen lirateke, eta gainerakoak libreak. Abenduaren 30ean onartu zuen Udalak aho-batez proiektu hau, eta orain tramitazioak egiten ari dira. Xabier Zabalo Leitzako alkatearen irudiko, tramitazioetan “urte bat eta erdi-bi urte artean joanen dira” eta dena egiterako “urte gehiago pasako dira”.
Baratze publikoak
Landa ingurua eremu berde bihurtu nahi du Udalak, eta Zabalok azaldu digunez, “errekaren beste aldean metro asko geldituko dira Udalaren esku eta hor baratze publikoak eginen dira”. Baratze horiek bost urterako aprobetxamenduarekin herritarren esku uztea da Udalaren nahia. Dena den, horretarako, urte batzuk joanen direla adierazi digu Zabalok.
Bestalde, lur horretan osasun etxe berria ere egin nahi luke Leitzako Udalak. Horretarako, lurzati bat Nafarroako Gobernuaren esku uzteko prest dago.