Txikitatik naturak eta bereziki biziak jakinmina sortu izan diolako erabaki zuen Amaia Lujanbiok (Goizueta, 1982) Biologia ikastea. Nafarroako Unibertsitatean egin zituen ikasketak 2000tik 2005era bitartean, eta orduan hasi zen laborategietan lanean. Gaur egun New Yorkeko CSHL Cold Spring Harbor Laborategiarentzat egiten du lan eta minbiziaren kontrako ikerketan dihardu. Etorkizunera begira, AEBetan orain ikasten ari dena hemen aplikatzea gustatuko litzaioke.
Zein ibilbide profesional egin duzu?
Unibertsitatean ikasten ari nintzela, hainbat laborategitan hasi nintzen lanean, lehendabizi Nafarroako Unibertsitatean eta gero Madrilen, CSIC-en (Consejo Superior de Investigaciones Cientificas) eta CNIOn (Centro Nacional de Investigaciones Oncologicas). Horrela jakin nuen minbizia ikertu nahi nuela. Lizentziatura bukatu eta doktoretzarekin hasi nintzen CNIOn, Manel Esteller-en laborategian.
Tartean, Eduardo Gallego beka hartu zenuen...
Nire tesia egiteko Ministerioko beka bat lortu nuen lau urtetarako. Gainera, 2008an Francisco Cobos Fundazioko saria lortu nuen, Eduardo Gallego Beka. Urtean beka bakarra ematen da estatu guztirako eta ikasketetan eta ikerketetan egindako lorpenak saritzen dira. Izugarrizko poza eta motibazioa izan zen niretzako. Zientzia mundua oso gogorra da eta horrelako sariak beharrezkoak dira gazteak motibatzeko eta gure lana jendearengana ailegatzeko.
Holandan, New Yorken... ibilia eta zabiltza. Zein da zure lana?
Minbiziko zeluletan zein mekanismo molekular gertatzen diren ikertu nahi dugu. 200 minbizi mota baino gehiago daude eta bakoitza ezberdina da. Baina badira mekanismo batzuk berdinak eta hori ulertzen badugu, minbizia garaitzea errazagoa izango da. Nire tesia CNIOn, Madrilen, hasi nuen, epigenetika arloan. Amsterdamen segitu nuen NKIn, eta Bartzelonan bukatu, PEBCn.
Norentzat egiten duzu lan?
Cold Spring Harbor (CSHL) laborategietan egiten dut lan. Oso laboratorio enblematikoak dira eta Nobel Saria irabazi duten ikertzaile mordoskak egiten du lan hemen. Nik Scott Loweren laborategian ikertzen dut, eta saguetan minbizia sortzen dugu errazago ikasi ahal izateko.
Kanpoan hemen baino aurrerapen haundiagoak daude?
Laguntza ekonomikoen arabera doa ikerketen kopurua eta kalitatea. Gure kasuan ez dugu laguntza askorik, AEB edo Europarekin konparatuz. Hala ere, gure ikerketen kalitatea oso ona da. Orain, AEBetan hainbat teknika ikasteko aukera daukat, gero teknika horiek hemen erabiltzeko.
Zer egin dezake epigenetikak minbizia saihesteko?
Mutazio genetiko bat badugu, minbizia gelditzen duten esaldiak (edo genak) betirako desagertzen dira. Bestalde, epigenetikak huts egiten badu, esaldi hori errekuperatu liteke botika epigenetikoak erabilita. Horrela, minbizia gelditzeko esaldia berriro irakurriko da eta horrek minbizia geldituko du.
Zein egoeratan dago minbiziaren kontrako ikerketa?
Aurrerapen asko egin dira, baina hala ere, oso arazo serioa da eta kasu askotan ezin da askorik egin. Prebentzioa eta diagnostiko lasterra oso inportanteak dira. Adibidez, minbiziaren kontrako arma boteretsuena tabakoa uztea da. Biriketako minbizi kasuen %90 tabakoaren erruz sortzen dira. Ahalegin asko egiten ari gara minbizia gelditzeko baina bada zerbait denon esku dagoena: tabakoa uztea. Ikusi beharko zenukete nolako itxura duten erretzaileen birikek! Horrez gain, eguzkitik babestu behar da, alkohol gutxi edan, ondo jan... Eta medikuek gomendatzen dituzten kontrolak segitu (mamografiak, kolonoskopiak...).
MUNDU ZAILA
«Izugarrizko poza eta motibazioa izan zen niretzat Eduardo Gallego Beka jasotzea. Zientzia mundua oso gogorra da eta horrelako sariak beharrezkoak dira gazteak motibatzeko eta gure lana jendearengana ailegatzeko»