Baztan Kirol Elkartearen baitan berriki sortu den atletismo taldeak lehen aldiz antolatutako San Silvestre lasterketa egin zen abenduaren 31n Elizondon. Ustegabeko arrakasta izan zuen, 162 korrikalari atera baitziren, horietatik 112 helduen kategorian, 8 gaztetxo mailan (1996tik 1999ra jaioak); 16 haur mailan (2000 eta 2002 urteen artean jaioak) eta 26 ttikienen mailan (2003-2005 urte artekoak).
Helduen mailan, Alberto Barberena elizondarra nagusitu zen, 4 kilometro pasatuxeak zituen ibilbidea 12 minutu eta 27 segunduan eginez. Unai Barazabal azpilkuetarrak eta Angel Mari Garate iruritarrak osatu zuten podiuma. Nesketan Esther Urrutia nagusitu zen, Izaskun Zabaleta eta Marijo Garmendiaren aitzinetik. 1996 eta 1999 urteen artean jaiotakoen gaztetxoen mailan Sergio Oskoz gailendu zen.
Baina kirola ez ezik besta giroa ere nabarmendu zen, animazio handia izan baitzen eta jende aunitz Foru Plazan eta Txokoto eta Antxitonea inguruan. Korrikalari batzuk mozorrotuak atera ziren, bertze batzuk koadrillaka apostuak eginak zituzten… Aipatzekoa izan zen Jose Javier Elizaintzin iruritarra buru duen Baztan Kirol Elkarteko atletismo saileko neska-mutilek antolaketan egindako lana, arratsaldeko lehen orduetatik aritu baitziren gauzak prestatzen.
• SAILKAPENA
Alberto Barberena...........12:27
Unai Barazabal..........12:43
Angel Mª Garate..........13:14
Felix Santesteban ..........13:45
Koldo Ruiz ..........13:52
Pello Urrutia..........13:55
Fermin Iparragirre..........14:01
Iñaki Zabaleta ..........14:09
Xabier Altzugarai..........14:23
Mikel Yanzi ..........14:25
Esther Urrutia ..........18:33
Izaskun Zabaleta ..........19:02
Marijo Garmendia..........19:06
Maria Mendiburu..........19:10
Amaia Meoki ..........19:27
Patrizia Leiza ..........19:30
Nerea Lizasoain ..........19:44
Iratxe Arregi ..........19:50
Maite Martiartu ..........20:02
Iosune Ortega..........20:04