Ia 40 urte igaro dira Sutegixarreko Miel Salaberriak erremonte profesionala utzi, eta beste herritar batek, Aritz Zubirik, modalitate berean debutatu duen bitartean. Epe luze xamarra, urte hauetan esku pilotak herrian eman dituen fruituekin alderatzen baldin badugu.
Salaberria zenari Treparredes deitzen zioten, frontoietan sarera zihoazen pilota gaiztoak buenara eramateko zuen trebeziagatik. Ez omen zen punta-puntako erremontelaria izan, baina ehunka partida jokatu zituen 1950etik 1970era, Urumea eta Euskal Jai frontoietan ia guztiak. Galarreta ere ezagutu zuen, baina bere ibilbide profesionaleko azke sei hilabeteetan bakarrik jokatu zuen Hernanin. 2001ean hil zen Miel 73 urterekin.
Aritz Zubirik, bestalde, abenduaren 19an debutatu zuen Galarretan, norgehiagoka irabaziz, gainera. Geroztik, astean partida pare bat jokatu du, erditsuak irabaziz. Aritz –23 urte–, orain dela sei urte hasi zen Galarretako erremonte eskolan, kuadrillako batek, Urtzi Lujanbiok, animatuta. Ibilbide oparoa egin du afizionatuetan, Gravn, Gipuzkoakoa, eta Euskal Herriko txapelketak irabazi baititu, besteak beste.
Teknika hobetu, kolpe gehiago hartu eta ondorioz, atzelari on bat izatera ailegatzea da Zubiriren helburua. Ea ba Treparredesek adina urte jokatzeko zoria duen lanbidez Hernaniko Udaleko enplegatua den gazteak.