‘Maxurrenea herrintzat’ uzteko eskatu dute ehunka lagunek

Asier IMAZ 2010eko urtarrilaren 8a

Utzitako argazkiak

Maxurrenea herrintzat, Utzi pakean aldarrikatu zuten ehunka herritar eta kanpotik etorritakoek abenduaren 12ko manifestazioan. Azaroaren 29an kuartelean izandako gertakarien kontra protesta egitea eta guardia zibilek duten etxea herriari itzultzeko eskatu zuten. Jendeak lanak izan zituen manifestaziora ailegatzeko, goizean goizetik herri sarreretan kontrolak jarrita baitzituzten guardia zibilek. Pankarta eramaten ezker abertzaleko eta EAko udal ordezkariak jarri ziren, eta «atentatu faltsua» salatu ez ezik, «Maxurrenea inguruko auzokideei bereziki, eta herritar orori, elkartasuna eta laguntza» adierazi zieten. Horrez gain, Udalak gertatutakoa argitzeko eskatu zuen, baita «aurrerantzean horrelako gertakaririk ez dadila errepikatu, horretarako ezinbestekoa ikusten dugularik indar armatuaren presentzia bertan behera geratzea». Udalak lehendik ere eskatu du gertakari hau argitzea eta bere ondorioak izatea, «baina gaur da eguna, oraindik ere inolako argibiderik, deirik, adierazpenik… jaso ez duguna. Komunikabidetan argitaratu dutena soilik dakigu; besterik ez. Baina bistakoa da, batzuk ardurak kentzen hasi zirela beraiek nahi zutena ez zela egiaztatzen hasi orduko; eta bistakoa da ere, norbaitek edo norbaitzuk badakitela gu baino gehiago». «Behingoz utzi gaitzatela bakean eta doazetik Kortestiz behera» ere eskatu zuten manifestazioaren deitzaileek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun