Abenduaren 13an Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan parte hartu zuten bertsolarietako batzuk Aranoko Ganbaran ordu luzeak emandakoak dira entrenatzen. Maialen Lujanbio txapelduna tartean, baita Aritz Zerain, Agin Rezola, Iñaki Zelaia, Unai Agirre eta Aitor Mendiluze ere. Eta hauetatik bi azkeneko muturreraino iritsi dira: Maialen eta Mendiluze, hain zuzen. Txapelduna bat eta sailkapenean zazpigarrena bestea.
Aspaldiko ohitura
Duela hamar bat urte hasi ziren bertsolari batzuk Aranon elkartzen, noski, tartean Xabier Legarreta. Esan liteke Hernaniko bertso eskolako zati bat Aranora etorri zela. Hasiera batean elkartean biltzen hasi ziren kantatzeko, bertan afalduz. Orain, ordea, Ganbaran kantatzen dute eta ondotik, lehengo leku berean afaldu. Osteguna izaten dute elkartzeko eguna.
Herriarentzat ere oso aberatsa da, inongo zalantzarik gabe, Ganbarari horrelako erabilera ematea. Beraz, zorionak eta urte askoz etortzen jarrai dezatela.