Kasualitateak horrelaxe nahi izanda, lau hilabeteren barrenean bi urteurren borobil eman dira herrian: Umore Ona peñaren 50. eta izen bereko elkartearen 25.
Abuztuko urrezko ospakizunek bigarren mailan utzi dute nolabait abenduko zilarrezko urtebetetzea. Elkarteko bazkideen artean hainbat esames sortu du horrek, asko baitira urteurren honek dizdira handiagoko ospakizunak merezi zituela pentsatzen dutenak. Dena den, orain dela aste batzuk ospatutako Atalen Eguna festa hunkigarri eta ederra izan zen, eta abenduaren 20ko bazkariari ere erantzun ederra eman zieten elkarteko bazkideek.
Sasoi ederrarekin bete ditu 25 urte Umore Ona elkarteak. 99 bazkide zituen 1984ean ateak ireki zituenean. Gaur egun berriz, 236. Urtero bizpahiru gazte hartzen ditu bere baitan eta horrek etorkizuna ziurtatzen du zalantzarik gabe. Udaletxetik dirulaguntza jasotzen badu ere horretarako, Umore Onaren babespean daude herriko kirol eta kultur mugimendu gehienak, pilota, futbito, dantzari taldea eta abesbatza esate baterako. Indartsu abiatu da beraz 50. urteurrenarantz gaur egun Ibon Elizegi presidente duen Umore Ona elkartea.