Herriko merkataritza sustatu eta bultzatu nahi dute. Horixe dute helburu Leitzako merkatari, ostalari eta zerbitzuek eta horrexegatik erabaki dute bildu eta elkartea sortzea: Kaxkabeltza elkartea. 2008an hasi zituzten lehen hartuemanak, baina elkarte modura 2009 hondarrean hasi ziren lanean. Hainbat arlotan aritzen diren arren, kezka berdintsuak dituzte eta, hortaz, elkarrekin ekin diote ibilbide berriari.
Zaila du txikiak haundien kontra lehiatzea. Are zailagoa, haundiak gero eta gehiago direla, eta gero eta indartsuago datozela kontuan hartuz. Baina ttiki askok, elkartuta, indar haundiagoa dute, eta horrela, errazagoa da haundiari aurre egitea. Bada horixe egin dute Leitzan: komertzio txikiak bat egin eta elkartea sortu. Guztien artean, errazagoa izanen delakoan herriko merkataritza indartzea, eta bide batez, euren lanpostuak mantentzea. Kaxkabeltza eman diote izena oraingoz 38 bazkide dituen elkarte sortuberriari.
2008an hasi ziren Leitzako merkatariak mugitzen, Udalak eta Cederna Garalur Elkarteak dendari, ostalari eta zerbitzu enpresetako ordezkariak bilera batera deitu, eta elkartea sortzeko ideia eta laguntza eskaini zietenean. Gustura hartu zuten proposamena, eta lanean hasi ziren: «2008ko Eguberrietan zozketa bat egin genuen», azaldu digute zuzendaritza batzordeko kideek. «Bai gure aldetik, bai bezeroen aldetik ere, harrera ona izan zuela ikusita elkartea osatzera animatu ginen», gaineratu dute. Halere, estatutuak ez zituzten 2009ko azarora bitarte finkatu.
Ilusioz eta lanerako gogoz hasi dute ibilbide berria. Elkartetik aitortu digutenez, «oso pozik eta animatuak gaude taldearen hasierarekin, uste baino partaidetza hobea izan du». Oraindik logotipo zehatzik ez badute ere, Eguberrietako kanpainan ontto kaxkabeltz baten irudia erabili dute. Hemendik aurrera finkatuko dute gainerakoa. «Urte berriarekin batera plangintza egiteko asmoa dugu, formakuntza, datu bilketak, logotipoa, erakusleiho lehiaketa... Ideia asko ditugu, baina ez daukagu ezer lotua», adierazi du zuzendaritzak.
Ogibide desberdina baina helburu berdina
Aski arlo diferenteetan egiten dute lan Kaxkabeltzako bazkideek. Batzuk ostalariak dira, besteak janari-dendetan ari dira, estetikan ari direnak ere badira, liburu-denda dutenak ere bai, baita autoen tailerretan, eraikuntzan, aholkularitzan eta beste hainbat alorretan ari direnak ere. Ogibide desberdinak, beraz. Kezkak eta helburuak, ordea, berdinak: «lanpostuak mantendu, gure formakuntza hobetu... Eta gauza jakina da elkarlanean gauzak beti errazagoak direla», diote zuzendaritzako ordezkariek.
Leitzako merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresak txikiak dira oro har, «familiarrak», juntakideen hitzetan. Eta bezeroak Leitza eta inguruko herrietatik etortzen zaizkie. Baina ohituraren eraginez edo, bezero asko joaten dira kanpora. Elkarteko arduradunen iritziz, Iruña, Donostia edo Tolosara joaten dira herritarrak. Baina, ez dute etsi nahi, «eta azken urteotan saltoki haundietara joateko dagoen joerak eta krisiak gauzak zailtzen badizkigu ere, elkarteak eta denda, taberna eta tailer berrien irekierak ilusioz eta indarrez bete gaitu». Baikor begiratzen diote etorkizunari: «herrian bertan erosteak duen erosotasuna –autoa hartu beharrik ez– eta Leitzan komertzio ugaritasuna dela-eta, pixkanaka aldatzen joanen den itxaropena dugu».
Zortzi kideko zuzendaritza batzordea
Zuzendaritza batzordea ere osatua dute Kaxkabeltza elkartean. Zortzi lagunek osatzen dute: Mikel Zabaleta lehendakaria da, Juan Esteban Ceballos lehendakariordea, Jose Mari Zubillaga diruzaina, Estitxu Astibia idazkaria eta Nerea Gonzalez, Estitxu Lertxundi, Juani Goikoetxea eta Ibon Lasarte bokalak. Urtero berrituko dute zuzendaritza.
Bazkideen kopuruan gora egin nahi du Kaxkabeltzak, eta beraz, elkartean ez dauden merkatariei gonbidapena luzatu diete: «animatu daitezela, zenbat eta gehiago izan gauzak errazago eta ilusio haundiagoarekin egiten baitira».
Eta herritarrei zer esanen lieketen galdetuta, hauxe erantzun digute: «gure herria bizirik mantentzeko ezinbestekoak garela uste dugu. Elkartean gaudenen artean, 100 lanpostu inguru daude. Baina gu bizirik mantentzeko bezeroak behar ditugu. Konfidantzako zerbitzua eta hurbiltasuna baloratzeko esanen genieke». Kaxkabeltzako zuzendaritzaren irudiko, «denen artean daukaguna mantendu eta aurrera begira negozio berriak irekitzeko bermea eman behar dugu, lanpostuak eta zerbitzuak gehitzeko. Ateak zabalik dauzkagu eta gogotsu hartuko ditugu».
38 bazkide
Adur taberna
Ainart ileapaindegia
Amaia arraindegia
Ane Egizabal fisioetxea
Ariztela dekorazio tailerra
Astiz liburu-denda
Arzallus harategia
Belarra belar-denda
Biok jantziak
Bitxilore lore-denda
Bixigarri fruta-denda
Edr Gunea
Etxe tresnak
Garbi drogeria
Gaztetxo gozotegia
Guria tailerra
Hernadorena burdindegia
Imelda Larraz
Iruso jatetxea
Kapritxo arropa-denda
Larraya
Leitza garajea
Leitzako kiroldegia
Maimur liburu-denda
M.Plaza eta E. Arrupea
Marcia Z.Campos2010-01-07gurut
Musunzar ostatua
Ogi Berri okindegia
Oihana Erbiti
Olaia bazarra
Peritza taberna
Perurena Harategia
Sagasti jatetxea
Seikide asesoria
Torrea herrikoa
Urkiola harategia
Zortziko labetxea
Zurlan zurgindegia
LEITZAKO MERKATARIEN EGUBERRIETAKO KANPAINA
2008ko Eguberrietan egin zuten euren lehenbiziko kanpaina Leitzako merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresek. Eta aldi honetan ere, kanpaina berdina abiatu dute, baina, sari gehiagorekin. Elkarteko kide diren komertzio eta enpresetan, ontto kaxkabeltzaren irudia paratu dute eta bezeroek erosketak egindakoan, euren izena eta telefono zenbakia kutxa batean sartu behar izan dute. Hain zuzen, aste honetan, ilbeltzaren 5ean, egitekoa zuten zozketa Leitzako Karrape irratian, eta bezero guztien artean sari hauek banatzekoak ziren:
•Lehendabiziko saria: 500 euroko erosketa balea.
•Bigarren saria: 400 euroko erosketa balea (aurreko aldian 300 eurokoa izan zen).
•Hirugarren saria: 300 euroko erosketa balea (aurreko aldian 200 eurokoa zen).
•100 euroko sei sari (aurten estreinakoz banatuko dira).
Bale horiekin, zozketako saridunek Kaxkabeltza elkarteko 38 bazkide diren merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresetan erosketak dohainik egiteko aukera izanen dute.