Azken egun hauek umeen gozamenerako egunak izan dira gehienbat. Izan ere, abenduaren 3an hasita ekitaldi asko izan dira herrian. Egun horretan, Euskararen Nazioarteko Egunean, Euskararen Eguna ospatu genuen eta trikitilari eta taloez gain, goizean jokoak eta arratsaldean Kiki eta Koko pailazoen emanaldiaz gozatzeko aukera izan zuten.
Egun hotza izan zen oso, baina eguraldiari aurre egin zitzaion ilunabarrean batez ere, Guraso Elkarteak eskainitako arratsaldekoarekin. Goizean pilota partidak jokatu ziren herriko gaztetxoen eskutik eta bertan bildu zen jendearentzako pintxo beroak eta salda egon zen eskura.
Egun honetaz aparte, azaroaren 21ean Nafarroako Gobernuak antolatzen duen Udazkeneko Biraren barne, Trikis navar taldeak bere saioa eskaini zuen.
Zinema euskaraz
Abenduaren 8rako, bestalde, euskarazko zinema antolatu zen Perez sagutxoa 2 filmarekin. Zinemaldi honen aurretik umeek merienda jaso zuten Pake Toki Elkartean, Guraso Elkarteak antolatua. Arratsalde polita atera zen, umeek asko gozatu baitzuten. Esan beharra dago Euskara Zerbitzuak urtero antolatzen dituela gisa honetako ekitaldiak.