Zalaparta handia eragin du azaroaren 29ko gertaerak, herrian eta herritik kanpo. Egun horretan, goizaldean, Maxurrenea kuartelaren inguruan tiro hotsak entzun ziren eta guardia zibil bat zauritua agertu zen. Horren harira, «ETAren atentatu saiakera» izan zela zabaldu zen lehenik. Goizeko lehen ordutik eguerdira arte, sei orduko tartean, segurtasun indarren iturriak aipatuz, berri agentziek ETAri leporatu zioten erasoa.
Eguerditik aurrera, ordea, Espainiako Barne Saila hipotesiez hitz egiten hasi zen. Bi frogen emaitzak ere argitaratu ziren egunkarietan: «aurkitutako bala ez da ETAk erabiltzen duena, baizik eta Guardia Zibilak erabiltzen duena, eta poliziak tiroa metro bateko distantziatik jaso zuen». Hortik aurrera zer gertatu zen jakitea oso zaila da, hainbat bertsio plazaratu baitira. Tartean bizilagunenak, bertsio ofizialetik urrun, guardia zibilen arteko iskanbila izan zela esanez.
Udalak, bere aldetik, azaroaren 29ko gertaerak salatzeko manifestazioa deitu zuen joan den larunbaterako, Maxurrenea herrintzat. Utzi pakean lelopean. Benetan gertatutakoa aztertzeko exijituz mozioa ere onartu zuen. Horrekin batera, zera eskatu zuen: «aurrerantzean horrelako gertakaririk ez dadila errepikatu, horretarako ezinbestekoa ikusten dugu indar armatuaren presentzia bertan behera geratzea». Baina honek hautetsi independentisten eta EAren aldeko botoak jaso zituen. UPNr eta PPko zinegotziek kontra bozkatu zuten.