Dagoeneko eskuetan daukan aurreproiektuaren arabera, 40-55 metro koadro bitarteko neurrikoak izanen diren sei etxebizitza eta beste hainbeste trasteleku eraikiko ditu Udalak Ospitale Zaharrean. Pisuak alokairu sozialean emateko asmoa du korporazioak, baina ez du baztertu Babes Ofizialekoak bezala saltzeko aukera ere. Ondorengo asteetan argitaratuko da etxebizitza hauetako bat eskuratzeko bete beharreko arautegia.
Alkateak, medikuak, botikariak eta apezak orain dela bi hilabete sinatutako akordioari esker, herria egin da Ospitalea eta ondasunen jabe. Erortzear dagoen eraikin horretarako hainbat aukera aztertu ondoren, etxebizitzaren arazoari, neurri batean behintzat, aurre eginen dion erabaki hau hartu da azkenean Herriko Etxean.