Goizuetan, etxeak eta lekuak nahiko ongi mantendu dute aspaldiko itxura eta izena. Aukera polita dugu herrian barrena bueltatxo bat emanez aspaldiko kontu eta gertaera zaharrak beren inguru giroan imajinatzeko. Garai bateko gizon-emakumeak beren eginbehar eta buruaustekin gure herrietan nola moldatuko ziren pentsatzeak herriko txokoak, harriak eta gure begien aurrean azaltzen diren gauz xeheenak interes berezia hartzen dute. Madalenako baserria eta ermita 1500.eko urtearen inguruan azaltzen dira liburuetan. Ordutik XIX. menderaino kutsuko gaitzen eritegi eta baseliza eginbeharretan erabili izan dira. Etxea eta ermita bat-bestearen ondoan, herriko sarreran daude, aparte xamar. Ospitalen eta lazaretoen ohizko zaindariak diren Santa María Magdalenak eta San Lazarok izena ematen diote ermita eta baserriari. Oraindik Hernani aldeko Madalenako baserriaren puskari ospitala deitzen diote. Madalenan erligio, osasun eta batzar-areto serbitzuak egin izan dira aspalditik. Kutsuzko gaitzen eta txiroen ospitalea eta otoitz lekua izan zen eta hauetako batzuk han bertan lurperatuak izan ziren. Goizuetako eliza isten denean Madalenako baselizan egiten dira elizkizunak eta Aste Santuko joan eta etorriko prozesioak haraxe egiten dira. Ermitaren egoera txarra ikusirik zaharberritzeko lan handiak hasi dira dagoeneko. Baselizaren eraikin osoa, lau pareta ez ezik, berrituko da eta 252.425 euroko kostua izango du. Erretaula eta bere irudiak ere moldatuko dira eta horrek berriz 36.000 euroko kostua dakar. Ermitaren lurzoruan zenduen hausterrek ehortzeko nitxoak egingo dira eta han lurperatu ahal izango dira. Datorren urteko uztailaren 22rako, Madalena egunarako, dena bukatuta egotea eta bereziki ospatu nahi da. Obra eder honetan lagundu nahi duenak Nafarroako Kutxan “Zuk erabaki, zuk aukeratu” kontu korrontaren bidez egin dezake.