Ehundaka leitzarrek eta herritik kanpo etorritako lagunek “Maxurrenea herrintzat, Utzi pakean” zioen pankartaren atzean manifestazioa egin zuten abenduaren 12an. Azaroaren 29an Leitzako kuartelean izandako gertakarien kontra protesta egitea eta guardia zibilek hartzen duten etxea herriari itzultzea ziren ekitaldiaren helburuak. Jendeak lanak izan zituen manifestaziora aikegatzeko, goizean goizetik herri sarreretan kontrolak jarrita baitzituzten gertakariko protagonistek.
Pankarta eramaten, Leitzako udaleko ezker abertzaleko eta EAko zinegotziak zeuden, “atentatu faltsua” salatu ez ezik, “Maxurrenea inguruko auzokideei bereziki, eta herritar orori, elkartasuna eta laguntza” adierazteko. Horretaz gain, Leitzako Udalak zera exijitu du: “argitu dezatela, behingoz, aipatutako gau horretan benetan zer gertatu zen; eta horrek eragin ditzala eragin beharreko ondorio guztiak. (politikoak, judizialak …)”. Modu berean, “aurrerantzean horrelako gertakaririk ez dadila errepikatu, horretarako ezinbestekoa ikusten dugularik indar armatuaren presentzia bertan behera geratzea”.
Udalak lehendik ere eskatu omen du gertakari hau argitzea eta bere ondorioak izatea, “baina gaur da eguna, oraindik ere inolako argibiderik, deirik, adierazpenik… jaso ez duguna. Komunikabidetan argitaratu dutena soilik dakigu; besterik ez. Baina bistakoa da, batzuk ardurak kentzen hasi zirela beraiek nahi zutena ez zela egiaztatzen hasi orduko; eta bistakoa da ere, norbaitek edo norbaitzuk badakitela gu baino gehiago”.
Manifestazioaren ondotik irakurritako oharra bukatzeko, “behingoz utzi gaitzatela bakean eta doazetik Kortestiz behera” adierazi zuten manifestazioaren deitzaileek.