Guillermo Mazo Memoriala, jubenil mailako lau terdiko txapelketako finala jokatu zen igandean Labrit pilotalekuan. Pronostikoak betez, Jon Jaunarena leitzarrak 18 eta 5 irabazi zion Txarutako Antton Jauregiri. Txapelketa honetan bere bigarren txapela jantzi zuen Aurrerakoak.
Partida hasiera berdindua jokatu zuten eta Jauregi 7-5era hurbildu zen, sakez egin zuen tantu bakarrarekin. Baina hortxe gelditu zen amaiurtarra. Jaunarenak min egin zuen sakearekin eta hasierako jokaldiarekin dozena erdi bat tantu lortu zituen eta zuzenean tantua lortzen ez zuenean, tantua dominatuarekin hasten zen. Honela, Leitzakoak 23 minutu aski izan zituen txapela eta 500 euroko saria eskuratzeko.
Nafarroako Kirol Jolasetako lehen mailako benjaminetako finalerdian, joaneko partidan, Aurrerako Hegoi Txoperena eta Oier Goikoetxeak 16 eta 18 galdu zuten Zizurren Ardoiko bikotearen kontra.