Leitzako Udalak manifestaziora deitu ditu herritarrak, abenduaren 12an, Maxurrenea herriarentzat, utzi bakean lelopean. 13:00etan abiatuko da Udaletxetik eta udalak dei egin die herritarrei bertan parte hartzeko. Deialdiak ezker abertzaleko sei zinegotzien eta Eusko Alkartasunako hiruen babesa jaso zuen, baina UPN eta PPNko bi zinegotziek kontra bozkatu zuten. Hauek kaltetutako bizilagunekin elkartasuna eta gertaerak argitzea eskatzen zuten bi lehenbiziko puntuekin ados zeuden, ez horrela manifestazio deialdiarekin eta guardia zibilaren presentzia ezestearekin. Udalak joan den igande goizaldeko gertaerak gogoratu zituen eta Guardia Zibilaren “montajea” salatu zuen, baita “komunikabide ugarik egindako manipulazioa, moorboa bilatuz”. Alderdi politiko gehienek ere bertsio ofizialarekin bat egin eta “herri guzia jomugan jarri izana eta bertsioa gezurtatu denean, inork hitzik ere ez esatea” salatu du udalak.
Ezker abertzaleak bat egin du deiarekin. Ohar bidez salatu du «zur eta lur» ikusi dutela hala Guardia Zibilak nola «arduragabeko» politikariek eskaini duten «ikuskizun izugarria». Zenbait komunikabidek erakutsi duten «manipulazioa eta objektibitate eza» salatu du.