Igandeko itxurazko atentatuaren nahaste-borrastearengatik Barne Ministroak barkamena eskatzea exijitu du Leitzako EAk

TTIPI TTAPA 2009ko abenduaren 1a

Kuartela Maxurreneatik kentzeko ere eskatu du

Joan den igandean guardia zibil batek egindako tiroketaren ondorioz sortutako nahaste-borrastearengatik barkamena eskatzea exijitu dio Leitzako Eusko Alkartasunak Espainiako Barne Ministeritzari. Izan ere, egun osoan “ETAren atentatua izan zenaren bertsio faltsua zabaldu eta mantendu zuen eta Leitza estatu osoko prentsaren jomugan jarri zuen, gezurra ardura gabe luzatuz, herrian hipotesia erabat baztertua zegoenean”.
EAren ustez, Alfredo Perez Rubalcaba ministroak barkamena publikoki eskatu beharra dio Leitzari, “lehenik guardiazibilaren ekintzak sortu zuen arrisku egoeragatik eta gero, ekintza honen ondotik sortutako nahasmen zeremoniaren neurriarengatik eta gertatutakoa argitzeko izandako atzerapenarengatik”.
Azkenik, “herriaren erdi-erdian dagoen Maxurreneatik kuartela kentzea eta berriz ere herritarrek erabiltzeko berreskuratzea” eskatu du berriz ere Leitzako EAk. Izan ere, kulturarako erabiltzea omen zen jabearen asmoa utzi zuenean eta “borondate hori Nafarroako Gobernuak ez du betetzen ezta errespetatzen ere”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun