Duela urte batzuk Goizuetan azienda feria berreskuratu zutenean seguruenik ez zuten pentsatuko hartu duen izena eta sona hartuko zuenik. Larunbatean egun handia izan zen Goizuetan eta herritarrek ez ezik, kanpotik etorritako bisitariek ere ederki erantzun zuten, egun osoan izan ziren ekitaldietan parte hartuz. Aziendei dagokienez, zaldiak, pottokak, ardiak eta basurdeak ere ikusi ziren plazan. Ardi zakur lehiaketa ere egin zen Barrentxeko belagian eta txinga lehiaketan sei lagunek parte hartu zuten. Herriko emakume talde batek artilea egiteko prozesu guzia erakusten zuen eta bertze batzuk taloak ere zerbitzatzen zituten, trikitixa doinuen laguntzarekin. Bitartean, herri bazkarirako zekorra burduntzian erretzen ari zen, xuabe-xuabe. Aipatzekoa da berriz ere Oiartzundik etorritako lagunek punttu-punttuan jarri zutela zekorra, baita zerbitzatu ere, baberna gorriz ongi lagunduta. Herri bazkarian 500 lagun baino gehiago bildu ziren aurten ere eta giro bikaina izan zen.
Bazkalondoan ere segitu zuen giroak eta gazteenek, The Zepo taldearen kontzertuarekin dantzan ibili ziren Gaztetxean.