Nafarroako Gobernuak 4x4 kamioia eman die Leitzako suhiltzaile boluntarioei, beraiek ibil dezaten. Ibilgailu honetarako 112.000 euroko inbertsioa egin du Gobernuak. 1.400 ur-litrorako presio-handiko bonba dauka eta egokitu egin da herrigunean ez ezik basoan ere erabiltzeko.
David Sainz Jimenez, Nafarroako Larrialdi Agentziako (ANE) zuzendari gerentea izan zen ostegunean, azaroaren 26an Leitzan eta berekin batera, Xabier Zabalo alkatea eta suhiltzaile boluntarioak ere izan ziren ekitaldian. Aipatzekoa da Leitzan 19 lagun ari direla bolondres suhiltzaile lanean.
2008an, Nafarroako Larrialdi Agentziak suhiltzaile boluntarioen parkeen egokitze lanak bukatu zituen, Goizuetako parke berriaren inaugurazioarekin eta orain, ibilgailuak berritzen ari da.
2009an, Leitzako parkearen mantenimenduan lagundu du Nafarroako Gobernuak, 28.000 euroko dirulaguntza eman baitu gastu arruntetarako eta 6.000 euro egoitza margotzeko.
Osotara, aurten 270.000 euro bideratuko dira Nafarroan dauden suhiltzaile boluntarioen zazpi parketarako (Agoitz, Bera, Goizueta, Leitza, Lesaka, Isaba eta Luzaide). 141 lagun ari dira musutruk parke hauetan, suteak itzaltzen, bideak garbitzen, zuhaitzak erretiratzen, pertsonak bilatzen, erreskate lanetan,anbulantzia trasladoetan edo parkeen mantenimenduan.