Nafarroako bertsolari gazteentzako Xalto sariketa izanen da larunbatean Goizuetan

TTIPI TTAPA 2009ko azaroaren 26a

Diego Riaño leitzarrak irabazi zuen azken Xalto saria, 2007an. Fermin ETXEKOLONEA

Hamalau bertsolari hasiko dira goizeko kanporaketetan eta sei ariko dira arratsaldeko finalean

Azaroaren 28an, larunbatean, hamargarren ediziora ailegatuko da bi urtetik behin egiten den bertsolari gazteentzako Xalto sariketa. Goizuetako udaletxeko ganbaran Nafarroako hamalau bertsolari arituko dira; goizez bi kanporaketa jokatuko dira, eta arratsaldez, 18:00etatik aurrera, finala, sei bertsolarirekin. 2009ko Xalto sariketan honako bertsolariek hartuko dute parte: Aimar Karrika, Joseba Beltza, Alazne Untxalo, Egoitz Gorosterrazu, Eneko Lazkoz, Iker Gorosterrazu, Ioar Tainta, Jon Elizetxe, Oier Lakuntza, Saioa Alkaiza, Iñaki Aleman, Josu Sanjurjo, Jose Luis Barberia “Zili” eta Joseba Zabaleta. Epaile lanetan Nerea Bruño, Saioa Mitxelena eta Josu Etxanobe arituko dira.
Goizez, 11:00etatik aurrera kanporaketak izanen dira Goizuetako Udaletxeko ganbaran. Bi kanporaketa, seiko taldea batean eta zortziko taldea bestean. Eta arratsaldez, 18:00etan, goizeko saioetatik sailkatu diren sei bertsolariek jokatuko dute finala.
Kanporaketetan, gai orokorrarekin bertso bana osatu beharko dute bertsolariek, 8ko txikian ofizioka hiruna bertso eta hitza emanda bertso bana.
Finalean, berriz, 8ko handian binaka gaia emanda hiruna bertso osatu beharko dituzte, 8ko txikian binaka ofizioka hiruna bertso eta kartzelako gaian, zortziko txikian bi punturi erantzun eta gaia emanda bakarka bi bertso.

 

Bi urtetik behin

Nafarroako Bertsozale Elkartea da Xalto sariketaren antolatzailea, Goizuetako udalaren laguntzaz. Horrez gain, Euskarabidea eta Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren babesa ere du sariketak. Nafarroako Bertsozale Elkarteak urtero antolatzen dituen ekimenen artean txandakatzen diren Mariano Izeta sariketa eta Xalto sariketa daude. Horien helburu nagusia Nafarroako bertsolari gazteei kantatzeko aukera ematea da, haien bertsogintza ezagutarazteko eta gerora baliagarri izango zaien esperientzia har dezaten. Hortaz, Izeta sariketa antolatzen ez den urteotan, Xalto sariketa jokatzen da. Sariketa Andres Narbarte “Xalto”ren omenez egiten da eta bere jaioterrian, Goizuetan, egin ohi da, Goizuetako Udalaren laguntzaz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun