40 etxebizitza babestu eginen ditu Udalak Landa Goikoan

Asier IMAZ 2009ko azaroaren 25a

Azken 30 urteotan ez da babestutako etxerik egin

Herrikoek bertan gelditzeko aukera izan dezaten, etxebizitzak eginen ditu Udalak: Landa Goikoan 40 bizitza eta Behekoan, bigarren fasean, 216. Horietatik 166 Babes Ofizialekoak izanen dira, eta 50 libreak. Aurreko legealdian 321 etxebizitzako beste proiektu bat zegoen mahai gainean, baina Udal Talde berriak beste proposamen bat aurkeztu zuen, eta udal talde guztiek onartu zuten.

Landa Goikoan
Landa Goikoan eginen diren 40 etxebizitzetatik 24 babes ofizialekoak izanen dira eta 16 tasatuak. Xabier Zabalo alkatearen hitzetan, «leitzar gazte jendea herritik joaten ari zela ikusten genuen. Bestalde, etxebizitza libreak bakarrik daude herrian, eta hauek oso garestiak dira. Azken 30 urteetan Leitzan ez da babestutako etxe bakar bat ere egin».

Landa behekoan
Landa Behekoan egin nahi diren 216 etxebizitzen egitasmoa «konplikatuagoa» da alkatearen arabera. «Katastroarekin arazoak daude eta hirigintza aldaketek luzeago joko dute». Halere, 216 etxebizitzak ez dira denak aldi berean egonen. Eskaeraren arabera, baizik: «Proiektu hau garatu aurretik hamar urte ere pasa daitezke. Helburua ez da etxebizitza guztiak bat-batean egitea, eraikitzeko aukera hor edukitzea baizik».
Izen-emateko zerrendak «laster» irekiko dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun