Honelako egun batek bereak dituen ohiko osagaiak (artisauak, aziendak, salmenta-postuak…) eta parranda ederki uztartuko dira berriz ere larunbat honetan ospatuko den Feria Egunean. Horretarako, ezinbesteko lagungarri izanen da aurtengoan ere ehunka lagun elkartuko dituen herri bazkaria, sagardo, ardo eta likorez bustitako baberna gorriz eta zokor erreaz enpo egindakoan, edozein baita parrandazale.
Zerriaren kurrinkek irekiko dute feria 10:00 jo bezain pronto. Handik aurrera izanen da zer erosi, zer dastatu eta zer ikusi: sagardo-egileak, artilezko koltxoi jotzea, txinga lehiaketa eta Barrenetxeko belarsoroan eginen den ardi zakurren erakustaldia, esaterako.
14:30ean hasiko den herri bazkariak markatuko du festaren muga. Bazkalondoren dantzaldia izanen da frontoian Ordoki musikariaren eskutik. Gaztetxean, berriz, rock kontzertua 19:00etan. The Zepo eta Sindrome de Treaher taldeekin. Goiz osoan lanean ariko diren herriko trikitilariek osatuko dute eguneko musikarien zerrenda.
Gaiarekin bukatzeko, bidezkoa da Udalaren babespean feriaren antolatzaileen izenak aipatzea: Kultur Taldea, Umore Ona, Gazte Asanblada, Gurasoak, Presoen Aldeko Taldea, Gazte Independistak eta Jubilatuen Elkartea.