Esther Iriarte narbartearrak irabazi zuen igandean Goizuetan Euskadiko txinga eramate txapelketa, errekorra eginez gainera. Joan den urtean ere txapeldun izan zen Iriarte, baina aurten 1.176 metro, 44 plaza egin ditu hogeitabosna kiloko txingak eskuetan zituela. Bigarren postua Lesakako Maria do Amparo Souza “Xanta”rentzat izan da, 27 plaza eta 4,35 metro egin ondotik (765 metro). Iaz ere bigarren izan zen Xanta. Arabako Olga Artiñanok osatu du podiuma, 22 plazarekin.
Laugarren postua Lesakako Estitxu Almandozek osatu du, 17 plazarekin (476 metro); bosgarren Berako Nerea Sorondo izan da, 353,70 metrorekin eta seigarren Arabako Olga Guleva metro eskas guttiagorekin.
Hirugarren mailako aizkolarien finala
Segidan, Euskadiko hirugarren mailako aizkolari txapelketaren finala jokatu zen Goizuetan. Arkaitz Olano 19 urteko leitzarra nagusitu zen, ustekabea emanez. Hiru kanaerdikoak eta bi 60 ontzakoak mozteko 14 minutu eta 23 segundu behar izan zituen eta 36 segunduko aldea atera zion bigarren izan zen Oihan Larretxea beratarrari (14:59). Ugaitz Mugertza mutrikuarrak osatu zuen podiuma eta Larretxeak baino 4 segundu gehiago behar izan zituen (15:03). Laugarren postua Nuarbeko Josu Aizpururentzat izan zen (15:38), bosgarrena Urrozko Raul Castrorentzat (16:13) eta seigarrena Etxarri Aranazko Juan Joxe Erdoziarentzat (18:26).
Ustekabea Astibiarentzat
Arkaitz Olanok Patxi Astibia aizkolari handia du prestatzaile. Astibiak finala bukatzerakoan adierazi zuenez, “ez genuen espero txapela janztea. Orain dela bi urte hasi zen gurekin Olano, eta hobekuntza handia somatu diogu, baina ez gaurko garaipena lortzeko adinakoa. Indarra badu, eta aurrera segitzeko asmoa ere bai“.
Lehen enborra (lehen kanaerdikoa) Josu Aizpuruk ebaki zuen lehen (01:37), bigarren Ugaitz Mugertza izan zen (01:46), hirugarren Arkaitz Olano (01:52), laugarren Oihan Larretxea (01:55), bosgarren Juanjo Erdozia (02:09) eta seigarren Raul Kastro (02:12). Lan erdietan, berriz (lehen 60koa amituta), Mugertza eta Olano pare-parean ziren eta hirugarren Larretxea. Saioaren amaiera bizia eta lehiatua izan zen. Azken kanaerdikora Arkaitz Olano igo zen lehen postuan, eta erritmoari bikain eutsiz, berak ebaki zuen bizkorren azken enborra. Bigarren posturako lehia ere, ezin ikusgarriagoa izan zen, pare bat aizkora-kolpeko aldeaz nagusitu baizitzaion Larretxea Mugertzari. Aizpuruk ere lan ona burutu zuen, baina bete egin zen pittin bat bukaera aldera. Erdozia atzean jarri zen bigarren enborretik eta azkena bukatu zuen. Kastrori dagokionez, iazko finalean baino postu bat beheitiago akitu zuen.