Txiki-txikitatik datorkio kirolerako afizioa Judit Saizarri (Leitza, 1993-10-27). Igeriketan hasi zen, txirrindularitzari heldu zion gero eta gaur egun triatloian ibiltzen da. Eta ederki moldatzen da gainera. 16 urterekin, hainbat garaipen eskuratuak baititu. Orain, beka bati esker, Madrilgo egoitza espezializatu batean hasi du denboraldi berria, eta Batxilergoko lehen mailako ikasketak eta entrenamenduak hantxe egiten ditu. Hurrengo ikasturtea ere han egitea gustatuko litzaioke.
Bi urte besterik ez zituela atera zen lehenbiziko aldiz krosean Judit Saizar Leitzako kirolaria. Eta noski, korrikalari gazteenaren saria jaso zuen. Geroztik ez da gelditu ere egin. Ez da kirola egitetik bizi, baina kirola egin gabe ezin du bizi. 16 urte bete berritan palmares bikaina du: Nafarroako, Euskal Herriko eta Espainiako garaipenak, eta nazioarteko parte-hartzeak tartean.
Ama kirolaria izaki, txikitatik sartu zen mundu horretan: «Bost urterekin Lekunberriko Itxesia Igeriketa Taldean hasi nintzen». Eta gero, txirrindularitza etorri zen: «neguan igeriketa, eta udan deus ere egiten ez nuenez, lagun batek bizikletan hasi nahi nuen galdetu zidan, eta probatzeko hasi egin nintzen». Probatu eta gustatu.
Igeriketa eta txirrindularitza tartekatzen hasi zen eta lehen garaipenak ere orduan etorri ziren. Denak aipatzea zaila litzateke, baina batzuk nabarmentzekotan, infantilen mailan, igeriketan, Euskal Herriko 200 metro libreko txapelketan bigarren gelditu zenekoa, edo txirrindularitzan, Euskal Herriko txapeldun, Espainiako Txapelketan zazpigarren eta Espainiako Kopan hirugarren gelditu zenekoak daude.
Triatloian ere bai
«Igerilari eta txirrindulari ona bazara, zergatik ez zara triatloian hasten?». Horixe proposatu zion lagun batek, eta Juditek ezezkorik ez, aurrera. Kirolarekin lotura baldin badu, probatzeko beti prest. «13-14 urte edukiko nituen eta urte hartan proba bat egin nuen. Gustatu zitzaidan, baina ez nion garrantzia gehiegirik eman», adierazi du. Baina hurrengo urtean talde batean sartzea erabaki zuen. Sakana Triatloi Taldean abiatu zuen ibilbide berria eta honetan ere ez zen atzera gelditu: kadeteen mailan, Espainiako txapelketetan zortzigarren eta laugarren postuak eskuratu zituen –bere adinekoetan bigarrena eta lehena–, eta nazioartean jokatzeko deia ere jaso zuen. Horixe izan da, hain zuzen, hainbeste proben artean, bat aukeratzeko eskatuta hautatu duena: «triatloian hasi eta bi urtera Europako txapelketa batera joatea oso haundia izan zen».
Azken denboraldi hau ere bikaina izan da leitzar gaztearentzat. Nafarroako Lagunak Taldearekin, Espainiako triatloi eta duatloi txapelketetan bigarren postuak eskuratu ditu.
Denboraldi berria Madrilen hasi du Saizarrek. Beka bati esker Blume erresidentzian dago eta horrek entrenatzeko aukera gehiago ematen dizkio. «Ikasten eta entrenatzen pasatzen dut eguna». Hala, «07:20an jeiki, gosaldu eta 08:00etatik 10:30era klasera joaten naiz. 10:45ean korrika egitera, eta ordubete edo ordu eta erdiko saioaren ondotik, dutxatu eta bazkaltzera. 15:00etan berriz klasera, 17:30 arte. 18:30ean hasita, ordu bat gimnasioan eta ondotik, igeri egitera. Bukatzerako 21:00-21:30 izaten dira. Afaldu, lagunekin pixka bat egon eta lotara». Egun konpletoa, beraz. Eta hurrengo urtean ere egoitza honetan segitu nahi du. Kirola egiten ongi moldatzen dela jakina da, eta ikasten?: «ez naiz oso ona», aitortu digu.
Ziurgabetasunez begiratzen dio etorkizunari, «ez dakit zer eginen dudan», dio. Baina kirola egiten segitu ala ez, hortan ez du zalantzarik: «bai». Bere bizitzako ametsa ere bide horretan doa, «olinpiadetara joatea» baita. Adin eta dohain horiekin aukera haundiak baditu behintzat. Zorte on!