Bi txapeldunen hirugarren hitzordua arazoaren 8an Tolosan

Amaia eta Ainhoa 2009ko azaroaren 3a

Aspaldiko urteetan punta-puntan dabiltzan aizkolariak dira Mindegia eta Larretxea, eta hainbat txapel eskuratuak dituzte, banaka zein binaka TTIPI TTAPA

Miel Mindegiak eta Donato Larretxeak apustua jokatuko dute egun horretan Tolosako zezen-plazan

LARRETXEARI BURUZ (Miel MINDEGIA)
«Betidanik aizkolari haundia eta konpletoa izan da»

MINDEGIARI BURUZ (Donato LARRETXEA)
«Inork ez bezala egiten dio bere buruari gogor»

60 urteko Ezkurrako semea eta 49 urteko Aran­tzako semea aurrez aurre. Egungo aizkolaririk onenetakoak. Azaroaren 8an Tolosako zezen-plazan egin dute hi­tzor­dua. Aizkora-apustua jokatuko baitute egun horretan. Apiril akaberan bota zuen desafioa Miel Mindegiak, eta maiatzaren 2an


Tolosako Kantabriko ostatuan zain egonen zela erran zuen. Apustua­ren baldintzak ere berak zehaztu zituen: azaroan jokatzea, alde bakoitzak 12.000 euro jokatzea, 60 ontza­ko 20 enbor ebaki­tzea eta guztiak, gainera, Mindegiak berak eraman eta para­tzea. Deiari erantzuteko prest, Unai Otaño agertu zen lehenbizi, baina ez ziren moldatu. Gipu­z­koa­rrak enbor erdiak berak eramanen zituela proposatu zion. Baina Ezku­rrakoak ezetz, denak berak eramanen zituela. Donatorekin hasi zen tratuan ondotik, eta honekin ez zuen arazorik izan.

Gaztetatik aizkoran
Ez dira atzo goizean jaio­takoak, eta aizkora eskuan eskarmentu haundiko gizonak dira. Aski goiz hasi ziren aizko­ran, «etxean 12-13 urterekin, eta plazan 16rekin», dio Ezkurrakoak. Ramon Lata­sa sunbilda­rra izan zuen erakusle. Aranz­tarra ere gazterik hasi zen, plazan 18 ur­te­rekin. Hasiera hartan Periko Mari­ñelarena dona­ma­ria­rra izan zuen erakusle, eta gerora Joxe Mari Mendi­zabal. Baina plazan «kasualidadez» hasi zen. «18 urte nituela Elizondon Baztan-Bidasoako aizkora txapelketa jokatzekoa zen. Pa­txi anaia zen aritzekoa, baina motoze­rrarekin min hartu eta ni joan nin­tzen. Pixka bat aritu eta joan nintzen». Gustua hartu eta aitzinera.
Hasi eta guttira txapelak jantzi zituzten biek. Mindegiak 16 urterekin gazteen mailako txapela, eta Donatok 18 zituela Euskadiko gazteen mailakoa. Geroztik hain­bat jantzitakoak dira. Ezkurrakoak, erraterako, Euskadiko eta Nafa­rroako hamarna baditu, eta aranztarrak, berriz, hiru Euskadikoak eta bederatzi Nafarroakoak.

Apustuak jokatzen ere gazteak zirela hasi ziren. Mindegiak herrita­rrak izan zituen kontrario: «18 urterekin anaiarekin jokatu nuen, Ezku­rra­ko beste bi anairen kontra». Urtebete gehiago zuela lan haundiko bertze bat egin zuen Polipasorekin. «Oso gazterik lan haundiak egindakoa naiz», aipatu digu.

Larretxeak, berriz, Donezteben jokatu zuen lehenbiziko apustua. Egur bateko aldea emanez, Barberiaren kontra jokatu zuen 18 urterekin. 1989an Olasagastiren kontra egindako apustu berezia ere gogoan du aranztarrak: «125 kiloko harri kubikoari 50 altxaldi eman, sei oinbiko moztu eta sei kilometo lasterka». Eta irabazi egin zuen. Olasagastirekin egin dituen lau apustuak denak irabazi ditu.

Apustuzaleak
Apustuzaleak dira biak. Horrela aitortu digute. Txapelketak ala apustuak nahiago dituzten galdetuta, biek ere, apustuen alde egin baitute. Do­na­­toren hitzetan, apus­­tuetan txapelketetan baino «gehiago» eman izan du. «Txapelketetan, nire burua erraz uz­ten nuelako edo ez dakit zergatik, ez dut nire maila erakusten asmatu». Mindegia ere apustu­zalea da: «Aizkola­ria maila haundian dagoen ala ez, apustuekin ikus­ten da. Beti lan luzeak izaten dira eta aizkolariak pro­batzeko onenak apus­tuak dira».
Mindegia da apustuetan azkena ibilitakoa. 2006­ko abenduan jokatu zuen Olasagastirekin. Enborrak erdibana pres­tatuta, 24 kana-erdiko moztu behar izan zituz­ten. Ezku­rra­koa izan garaile. Larre­txeak ere Olasagastiren kontra jokatua du azkena. 98an izan zen eta garaile atera zen.
Olasagastiren kontrako apustu hura egin zuenetik, lesio «asko» izan dituela adierazi digu Ez­ku­­rrakoak: «Larretxeare­kin apustua egitekotan nenbilela, lesio bat izan nuen sorbaldan. Gero meniskotik ere ebakun­tza egin zidaten eta bes­te­ urte bat egin dut behar bezala osa­­tu gabe». Orain, hale­re, «osatua» ikusten du bere burua. Larretxeak ere «nahiko ongi» dabilela kontatu digu. Baina ge­rriaz atzen­du gabe: «ge­rri­tik operatu nintzenetik halamoduz nabil. Baina momentu honetan ongi nago».

Atseden astea
Entrenamenduetan gogor ibili dira orain artean. Baina azken astearen atarian, lasai hartze­ko asmoa dute. «Sobera nekatu gabe atera­tze­ko plazara», azaldu digu Ezku­rrakoak.
Eta hitzordurako biek hagitz gustuko duten plaza aukeratu dute: Tolosa­koa. «Nafarroa eta Gipuzkoako zaleentzat erdigunea da», diote. Hain­ba­tetan jokatutakoak dira Tolosan, eta oroitzapen onak dituzte. La­rre­txeak, adibidez, 1984an Eus­kadiko txapelketan az­pi­txapeldun gelditu zenekoa nabarmendu digu: «Menditik etorri berri­tan jokatu nuen, etxean hamar egun bakarrik pasatuta. Biga­rren geldi­tzeak ilusioa egin zidan».

Sasoiak ez du adinik

60 urterekin apustura­ko deia nolatan egin zuen ere galdetu diogu MIndegiari eta zera eran­tzun digu: «Lesioak pasatuak nituela entrena­tzen hasi eta gustura ikusi nuen nire burua. Eta ‘aizkora utzi edo segitze­kotan apusturen bat egin behar dut’ pen­tsa­tu nuen». Eta han bota zuen desafioa. Azken apustua izanen omen da bere­tzat, baina lan ona egite­ko «itxaropenarekin» dago. Donatok, berriz, ondokoen animoekin erabaki omen zuen desafioa onartzea: «ez nengoen apustua egiteko sobera berotua, gerriko arazoek beldurra ematen zida­telako. Baina lagunek eta anaiak animatu ninduten».

Egurren misterioa
Ebaki beharreko egu­rrak «normalak» edo «gogo­rrak» izanen diren. Horixe gal­de­tzen du Donatok. Izan ere, apustuan hitzartu bezala, Mindegiak du egurren gaine­ko eskubide osoa. Berak eramanen ditu plazara. Nola­koak izanen diren galdetuta, «oraindik erabaki gabea» duela erantzun digu. «Ba­tzuk eta besteak proba­tzen ari gara eta azken astean erabakiko dugu zein eraman». Eta zu­rru­murruek gisa bateko egurrak izanen direla dioten arren, Larretxea «jendearen erra­­narekin ezin fidatu» eta ho­rren arabera moldatu behar entrenamenduak.
Hasi da erlojuaren kontrakoa. Astebete gelditzen da. Batek zein bertzeak ez dela batere
erraza izanen diote. Aizkolari gogorrak baitira, eta ez daude arerioari lanak erraz uzteko prest. Mindegiak aurkariari buruz, «betidanik aizkolari haundia eta konpletoa» izan dela adierazi digu, eta Donatok Mindegiaren teknika nabarmendu du: «Inork ez bezala egiten dio bere buruari gogor».
Ohiko laguntzaileak izanen dituzte ondoan, Lorentxo Apezetxea eta Ci­priano Telletxea Ez­ku­rra­koak, eta Leon Albeniz Iruntxiberri eta Oihan semea aranztarrak.
Palmares bikaina duten bi aizkolari haundiok azaroaren 8an ikusiko dute elkar, Tolosan.

 

• APUSTUA MINDEGIAK ETA LARRETXEAK

Hirugarren aurrez-aurrekoa

Elkarren kontra lehen ere ibiliak dira apustuetan Mindegia eta Larretxea. 1986an 12 oinbikotara jokatu zuten, eta Ezkurrakoa nagusitu zen. 1989an, be­rriz, 40 kanaerdikotara jokatu zuten, eta aranztarra izan zen garaile. Duela bi urte ere jokatzekotan egon ziren, baina beteranoak sorbaldan lesio bat izan eta bertan behera utzi zuten. Azaroaren 8koa, beraz, euren hirugarren lehia izanen da, banako berdinketa hausteko aurrez-aurrekoa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun