Kostata baina badirudi larrialdietako zerbitzua lehengora itzuliko dela, eta astelehenetik igandera, eguneko 24 ordutan urgentzia kasuak herrian artatuko direla. Astetarteko zerbitzua da momentuz martxan dagoena, baina asteburuetakoa ere luze gabe eskainiko da.
Etxeberria lanean
Urriaren 19az geroztik, astelehenetik ostiralera, 15:00etatik 08:00etarako zerbitzua Joxe Jabier Etxeberria herritarraren esku dago. Lehen ere hainbat estualditatik atera izan ditu herritarrak Etxeberriak.
Asteburuetan ariko den medikuaren kontratua ere egina omen dago. Hala adierazi zuen behintzat Maria Kutz Osasun kontseilariak urriaren 19an Goizueta, Arano, Leitza eta Aresoko alkateekin egindako bileran. Mieljoxe alkateak TTIPI-TTAPAri jakinarazi dionez, «hilabete batera» hasiko da lanean. Gaineratu duenez, «aspaldi espezialitate honetan lanean aritu gabea zen, eta orain eguneratzen ari da». Osasunbideak ez du jakinarazi nor den bigarren medikua hori, baina kontratatua da.
Dena den, azkenean Osasunbidetik etorriko da medikua, eta ez hasieran iragarri zuten bezala, Osakidetzatik. «Badirudi arazo batzuk izan direla», dio Lekuonak, eta horregatik bertan behera gelditu da Osakidetzako medikuaren kontratazioa.
Hirugarren bat ere bai
Bi mediku hauen jai egunak edo bajak estaltzeko, hirugarren mediku bat ere etorriko omen da. Baina hori, abendu aldera izanen da. Hartara, mediku zerbitzua %100ean bermatua geldituko da.