Erretiratuak dira ia denak, ez urrutikoak baina bai herri diferentetakoak, eta afizio bakar batek lotzen ditu: mendiak. Goiz Mendi elkarteaz ari gara, 17 laguneko gizon eta emakumezkoen taldeaz. Mendian ibiltzea gustatu, eta 2000. urtean abiatu zituzten harat-honatak. Geroztik 120 mendi ateraldi eta bidaia baino gehiago eginak dituzte eta etorkizunean ere horrela izatea nahiko lukete.
Duela bederatzi urte Arkupeak Elkarteak Done Jakue bidearen Baztango zatia egiteko bidaia antolatu zuen. Sei etapatan banatuta, Dantxarinean hasi eta Sakanan barna, Arabako mugan akitu zuten itzulia, Ziordian. Ederki joan zen, baina nonbait ez zen nahikoa izan.
Oinez lagunartean ibiltzeari gustua hartu, eta gehiagorako txirrintarekin gelditu ziren batzuk. Hala, Baztango zatia akitutakoan, Done Jakue bide osoa egitea pentsatu zuten, Donibane Garazitik hasita. Eta erran eta egin. 2001eko ekainaren 10ean bukatu zuten.
Hurrengo urratsa taldea antolatzea izan zen. Eta horrela sortu zen Goiz Mendi. Izena Zugarramurdiko Juan Iratzoki taldekidearen ideia izan zen: «Goiz jaikitzen garelako mendira joateko». Hilabetean behin guttienez, ateraldi bat egitea erabaki zuten.
Goiz Mendiren helburuak bi direla azaldu digu Ezkurrako Fernando Etxeberriak: «alde batetik, etxetik atera eta mendian ibiltzea eta bertzetik, toki berriak ezagutzea». Arizkungo Inozentzi Sukilbidek, bere aldetik, helburua «denak elkarrekin ongi hartu eta mendian ibiltzea» dela aipatu digu. Eta Juan Iratzokik bide beretik jo du: «elkartu, bazkaldu eta denbora berean mendian ibili eta tokiak ikustea ederra da».
17 laguneko taldea
Sorreratik honat lagun batzuk atera eta berriak sartu dira eta gaur egun 17 kidek osatzen dute taldea: Loli Trantxe (Bera), Jose Mari Iturbide (Igantzi), Paula Uharte eta Pantxito Ugalde senar-emazteak (Arizkun), Inozentzi Sukilbide (Arizkun), Migel Migeltorena (Urdazubi), Manuel Aleman eta Ana Uharte (Iruñean bizi diren baztandarrak), azken honen ahizpa Emili Uharte (Elizondo), Mertxe Arburua eta Juan Iratzoki senar-emazteak (Zugarramurdi), Martina Dendarieta eta Joxe Iratzoki senar-emazteak (Zugarramurdi), Fernando Etxeberria (Ezkurra), Karmele eta Txaro Pla ahizpak (Iruñea) eta Elena (Hondarribia). Erretiratuak dira denak, Pla ahizpak izan ezik.
URTEROKO HITZORDUAK
Done Jakue Bidea bi aldiz, Pirinioak hainbat aldiz, Xabierrerako bidea, Bertiz, Xorroxin, Legate, Saioa, Mendaur, Aralar, Beriain, Txindoki, Aizkorri, Gorbeia… Zerrenda luzea du gibelean Goiz Mendi taldeak. Aurten, erraterako, Izaban aste bat pasatu dute, eta egunero inguruko mendietara ateraldiak egin dituzte: Lakora eta Ezkaurrera, adibidez. Horrez gain, irailean kostaldetik Done Jakue bidearen zati bat egin zuten. Eta hurrengo urteetan ere, garai berean, berdin segituko dute.
120tik goiti irteera egin dituzte, eta Etxeberriak azaldu digunez, «hasierako ilusio berarekin segitzen dugu, nahiz eta urte gehiago izan eta bakarren batek mugikortasun arazoren bat eduki». Mendiz mendi ibiltzeaz gain, tarteka omenaldiak ere egiten dituzte, taldekideek 70 urte betetakoan. Hain zuzen, omenduen artean Juan Iratzoki dago. 2003ko abenduaren 10ean jaso zuen taldekideen omenaldia.
Ateraldiak nora egin nola erabakitzen duten ere galdetu diegu mendizaleei. Eta Iratzokik erran digunez, «hemen inguruan egitekotan bakoitzak bere aldekoa antolatzen du, baina hemendik kanpo ateratzean, Fernandok egiten du dena, artista da». Inozentzi Sukilbidek ere Ezkurrakoaren lana nabarmendu du: «Fernando dugu sherpa. Ongi prestatzen ditu beti irteerak, eta eskerrak berari, bertzela, gu etxe inguruan ibiliko ginateke». Etxeberriak, bere aldetik, «proposamenak edozeinek egin ditzakeela» adierazi digu.
Mendia eta kosta, asfaltoa eta belarra, elurra, maldak eta zelaiak... Denetarik probatu dute urteotan Goiz Mendiko kideek. Batzuk bertzeak baino gogorragoak, eta batzuk bertzeak baino politagoak. Sasoia ere batzuen kasuan hobea. Baina denek gozatzen dute mendian.
Aitzinera begira gogotsu
Etorkizunari ere ilusioz begiratzen diote. «Orain arte bezala, hilabetero mendi ateraldi bat egiteko asmoa dugu», dio Ezkurrakoak. Urteroko hitzorduei ere ez diete hutsik egin nahi: urtean behin, ekainean, Pirinioetara eta Done Jakue bideko etapak irailean, Finistererrera ailegatzeko helburuarekin. «Seguraski 2013an ailegatuko gara», erran digu Etxeberriak. Uso jatea ere ohiko zita bihurtu da mendizaleetzat. Berriki egin dute, gainera, aurtengoa: urriaren 14an. Otsondotik abiatuta hiru orduko itzulia egin eta Lezetako borda bentan bazkaldu zuten.
Sukilbidek ere horrela segitu nahiko luke: «ongi baldin banago behintzat, gustatuko litzaidake». Baita Iratzokik ere: «Ez naiz lehenago bezala ibiltzen, baina izigarri maite dut mendian ibiltzea». Eta gomendio bat ere luzatu du zugarramurdiarrak: «ibiltzea arras gauza ederra eta osasuntsua da. Bakoitzak ahal duen moduan eta ahal duen tokian. Denok ibili beharko genuke, medikuak agindua emateari esperatu gabe».
Lagunartean gustura ibiltzen badira ere, Etxeberriak badu bertze amets bat: «Arkupeak Elkartearekin mendi talde bat sortzea. Fisikoki ongi dagoen jendea dago Arkupeak-en eta horiei ilusioa egin diezaieke». Proposamena airean, denborak erranen du Arkupeak-etik mendi taldea sortzen den ala ez.
• Goiz mendi taldea done jakue bidean
Done Jakue bidea hirugarren aldiz
Hirugarren aldiz egiten ari da Done Jakue bidea Goiz Mendi taldea. Azken hau, ordea, bertzeetan ez bezala, kostaldetik. Eta Sukilbidek, Iratzokik eta Etxeberriak, guztiek bat egin dute ibilbidea «zoragarria» dela erratean. Hala, urtero irailean etapa batzuk egitea pentsatua dute. Aurten, adibidez, Asturias aldeko batzuk egin dituzte, eta heldu diren urteetan gainerakoak egitekoak dira. Dena ongi badoa, 2013rako Finisterreko lurmuturrean izanen dira.