Lopeneko arkua Perurenatarren museoan jartzea erabaki du Udalak

TTIPI TTAPA 2009ko urriaren 9a

EAk, ordea, arkua herri erdian paratzea nahi du

Herriguneko trafiko arazoak saihesteko, eta bide batez, ibilgailu haundiei bidea errazteko, Elbarren kaleko biribilgunea haundiago batekin ordezkatzea erabaki du Udalak. Lanak duela aste batzuk hasi ziren, eta urte bukaerarako eginak egonen dira. 206.000 euroko aurrekontua dute eta Udalak eta Nafarroako Gobernuak ordainduko dute.
Biribilgune berriarekin orain arte hor egon den arkua tokiz aldatu behar izan da. Eta ho­rrek eztabaida sortu du.
Hainbat aukera ibili zituen Udal Gobernu Taldeak esku artean arkuarekin zer egin jakiteko. Hala nola, udaletxe atze­ko baratzetako batera eramatea proposatu zuen, eta han parke bat egitea. Baina aukera honek «luze» joko lukeelakoan, azkenean, Iñaki Perurenaren museora eramatea erabaki da, Perurenak berak hala proposatuta. Horrela baieztatu digu Xabier Zabalo alkateak.  Eta trukean zera eskaini du Perurenak: hurrengo bi urtetan, hilabetean bi asteburutan museoa zabaltzean, he­rri­tarrek sa­rrera dohainik izanen dute.

Kokaleku berriarekin eztabaidak
Erabakia, baina, ez da denen gustukoa. EAk, ohar bidez, Lopeneako arkua berriz herri sa­rre­ra­ko biribilgunean jartze­ko eskatu dio Gobernu Taldeari eta bertan ez jar­tze­ko alkatearen erabakia politi­koa dela uste du, «ez baitio inolako irizpide tekni­kori erantzuten».
Arkua biribilgunetik zaldiak bazka­tzeko erabiltzen den udale­txearen atzealdeko baratze­ra eraman eta parkea egite­ko proposamenari buruz zera adierazi du EAk. «begi onez ikusten dugu parkea, baina abstenitu egin ginen, nahiz eta ANVk gehiengo osoa izan eta erabakia bere esku izanen zuela jakin».
Parkea egiteari dagokionez, «urte bukaera baino lehen proposamen finkoa eta arkuaren kokapenarekin zerikusirik ez duena aurkezten bada» EAk «zalantzarik gabe» babestuko duela adierazi du.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun