Leitzako Eusko Alkartasunak “Lopeneako arkua berriz ere herri sarrerako errotondan” jartzeko eskaria egin dio udal gobernu taldeari eta bertan ez jartzeko alkatearen erabakia politikoa dela uste du, “ez baitio inolako irizpide teknikori erantzuten”.
EAk gogoratu duenez, “abuztuan ANVk arkua errotondatik zaldiak bazkatzeko erabiltzen den udaletxearen atzealdeko baratzera pasatzea proposatu zuen eta bertan haurrendako parkea egitea ere proposatu zuen”. EAk begi onez ikusten du parkea, baina abstenitu egin zen, “nahiz eta ANVk gehiengo osoa duela jakinik, erabakia bere esku izanen zuela jakin”. EAren ustez, “arkua herriko ezaugarri sinbolikoa da eta horregatik herri erdian egon behar luke, ez du zentzurik kanpoaldera eramatea”. Horregatik, arkua egitan herriaren erdian kokatu nahi badu, “erabaki finko bat hartzea eta neurri hau seriotasunez eta aitzakirik gabe hartzea” eskatu dio EAk ANVri. Udaletxearen atzeko aldean parkea egiteari dagokionez, “urte bukaera baino lehen proposamen finkoa eta arkuaren kokapenarekin zerikusirik ez duena aurkezten bada” EAk zalantzarik gabe babestuko duela adierazi dute.
Herriko parkeak hobetzeko proposamena
Nafarroako Gobernuko Toki Administrazio Departamentuaren Tokiko Inbertsio Planetik 153.000 euro herrian haurrentzako parkeak egokitzeko erabiltzea eskatu du Leitzako EAk. Lehenik, dagoeneko eginak dauden parkeak moldatzea proposatu du EAk, hondatuak eta zaharkituak daudelako. Beste aldetik, estalpea duen jolaslekurik ez dagoela kontuan hartuz, Erleta eskolako parkean portxe bat egokitzea ere eskatu du. Azkenik, “behin haurrentzako jolaslekuen beharra beteta, oraindik dirurik geldituko balitz, Sakuluko bidea eta Gorriztaran auzoko Bordaberrirako sarbidea moldatzea” eskatu du Leitzako EAk.