Fede Arribillaga Etxalarko palista handia irailaren 30ean hil zen

TTIPI TTAPA 2009ko urriaren 1a

1980. hamarkadako palistarik onenetakoa izan zen Arribillaga I. TTIPI TTAPA

Agustin anaiarekin Espainiako txapeldun izan zen eta 1995ean lortu zuen Euskadiko buruz buruko txapela

Federico Arribillaga Danboriena, Arribillaga I Etxalarko palista handia irailaren 30ean hil zen, 55 urte zituela. Etxalarren sortua 1953ko azaroaren 5ean, Irungo Kurpil Kirolak pilota eskolan hasi zen eskuz jokatzen, baina 16 urterekin pala aukeratu zuen.  18 urterekin, 1972ko abuztuaren 11n debuta egin zuen profesionaletan Bilboko Deportivon, eta palaren unerik goxoenak bizitu zituen. Urtebete eskasean partida nagusiak jokatzen hasi zen eta modalitate honetako pilotari handienetakoa izan zen. Manolo Iturri eta Jorge Utgeren areriorik handiena izan zen. 1981ean, Agustin anaiarekin batera, Arribillaga II.arekin, aro modernoko lehenbiziko Espainiako txapelketa irabazi zuen. Azkeneko txapela berriz, 1995ean jantzi zuen, Juan Pabloren kontrako finalean 28-18 galtzen joan ondotik markagailua irauli eta Euskadiko buruz buruzko txapelketa irabaztea lortu zuenean. Urtebete beranduago, 1996ko martxoaren 23an erretiratu egin zen Deportivon. Azkeneko urteetan Getxon bizi zen eta bertan hil zen atzo, meningiti baten ondorioz. Bere aldeko hileta elizkizuna urriaren 2an, ortziral arratsaldeko 19:00etan eginen da Getrxoko Aita Trinitarioen elizan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun