Nafarroakoaz gain, Euskal Herriko txapela ere bereganatu du Antonio Alustiza artzainak aurten, Ttiki txakurrarekin. Irailaren 20an Atxondon (Bizkaia) jokatu zen Euskal Herriko Artzain Txakur Txapelketaren 43. edizioa, eta bederatzi bikoteren artean, garaipena Aresora etorri zen.
Gogoratuko duzuenez, abuztuaren 30ean Nafarroako bere hamargarren txapela jantzi zuen Alustizak Uharte Arakilen. Nafarroako Txapelketan askotan lortu izan du Euskal Herrikora joateko txartela, baina lehenengo aldia da irabazle atera dela.
Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Ipar Euskal Herriko txapelketetan txapeldun eta azpitxapeldun izandakoek eta joan den urteko Euskal Herriko txapeldunak parte hartu zuten Atxondon, eta lehenengo seien artean 880 euro banatu zituzten. Hortaz aparte, beste sari batzuk ere lortu zituzten artzainek, hala nola, hobekien jantzitako artzainarena, artzain txakur onenarena...
Lerro hauek idazterakoan, Oñatira (Gipuzkoa) begira zegoen aresoarra, izan ere, bertan jokatzekoa zen Nazioarteko Txapelketa irailaren 27an. Hau idazterakoan, oraindik jokatu gabea zen Nazioartekoa, eta beraz, hurrengo alean jarriko dugu emaitza.