Jon Rekondok Nafarroako bigarren mailakoa ere irabazi du

Aitor AROTZENA 2009ko irailaren 29a

Hilabete batean, Euskal Herriko eta Nafarroako bigarren mailako txapelketak irabazi ditu leitzarrak. TTIPI TTAPA

Oihan Larretxearekin batera lehen mailan ariko da heldu den denboraldian

Jon Rekondo aizkolari leitzarrak bere bigarren txapel ofiziala irabazi du hilabete berean. Irailaren 6an, Euskal Herriko bigarren mailakoa irabazi zuen Zestoan eta igandean, irailaren 27an, Nafarroako bigarren mailakoa ere jantzi zuen Uharten. Gisa honetara, Euskal Herrian nahiz Nafarroan lehen mailan lehiatuko da hurrengo denboraldian.

 

Rekondo eta Larretxea gaztea lehen mailan

Jon Rekondok nahiko aisa irabazi zuen Nafarroako bigarren mailakoa, lan erdietarako dexenteko aldea ateratzen baitzien gainerako finalistei. Azkenean, bi kanerdikoak, bi 60 ontzakoak eta oinbikoa mozteko 17 minutu, 5 segundu eta 41 zentesima behar izan zituen. Bigarren posturako dexenteko lehia izan zen, baina azkenean nabarmen xamar izan zen Oihan Larretxea beratarrarentzat. 18 minutu, 12 segundu eta 25 zentesima behar izan zituen eta gisa honetara, Larretxea gaztea ere lehen mailan ariko da. Hirugarren postua Otsagiko Daniel Vicentek eskuratu zuen (19”44’), Xabier Mindegia laugarren izan zen (19’53”) eta Patxi Mindegiaren ordez aritu zen Beintza-Labaiengo Jesus Etxeberria izan zen bosgarren (23’21”).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun