86 urteko goizuetarra larri zauritua gas leherketa baten ondorioz

TTIPI TTAPA 2009ko irailaren 21a

Herrian larrialdietarako medikurik ez dutela eta kexu daude goizuetarrak

Esteban Loiarte Loiarte, 86 urteko goizuetarra, larriki zauritua suertatu zen igande arratsaldeko 18:48an, bere etxean izandako gas leherketa baten ondorioz. Istripuaren eraginez, bigarren mailako erredurak izan zituen esku, beso eta hanketan eta Donostiako Ospitalera eraman behar izan zuten.
Etxebizitzaren beheko aldean dagoen Zubiondo ostatua ere hustu behar izan zuten Goizuetako suhiltzaileek. Leherketak ez zuen surik eragin, baina eraikinaren egitura kaltetu zuen. Saneamendu lanak egin ziren, baina arkitektu batek aztertu beharko ditu orain sortutako kalteak.

 

Larrialdietarako medikurik ez

Suhiltzaileak eta larrialdietarako zerbitzuak abudo bertaratu baziren ere, medikurik ez zen agertu istripua gertatu eta ordu eta laurden beranduago arte. Esteban Loiarte anbulantzian eduki zuten, baina medikua ailegatu arte ezin zuten inora eraman eta horrek goizuetarren kexa areagotu du. Izan ere, larrialdietarako medikurik gabe daude Goizuetan uztailaz geroztik. 500 sinadura bildu eta Nafarroako Gobernura bidali zituzten 800 bizilagun dituen herrian larrialdietarako medikua izan dadin, baina ezezkoa hartu dute erantzuntzat. Eta igandekoa bezalako gertakariak berriz ere errepikatuko direla beldur dira Goizuetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun