Manifestazio batean parte hartzeagatik isunak ailegatu zaizkie hamalau laguni

ttipi-ttapa 2009ko irailaren 15a

Gehienei pankarta eramatea leporatzen diete, pankartarik izan ez zen ekitaldian

Gobernuaren Ordez­ka­ritzak –lehengo Go­bernu Zibila–, Guar­dia Zibilak aurkeztutako salaketa baten ondorioz, hamalau pertso­nei isunak jarri dizkie manifestazio batean parte hartzeagatik. Mani­festazioa, ekainaren 22an egin zen, presoen eskubideen aldeko martxa nazionala Leitzara iritsi zenean. Martxak herriko hainbat partidu politiko, elkarte, sindikatu, eta abarren atxikimendua jaso zuen eta baita hainbat herritarrena ere. Gobernuaren Ordezkaritzan baimenik eskatu ez zenez, antolatzaileek Udalari kalejira moduko bat egiteko baimena eskatu zioten eta baita eman ere. Baimen hau eta horrelakoak arautzen dituen Foru Legea, bertara etorri ziren guardia zibilei erakutsi zieten eta hauen agintariek esandako moduan egin zen martxa: aurretik dantzari, txistulari eta pilotariak eta atzetik jendea, binaka eta elkarren artean beraiek erabakitako distantzia utziz. Ibilbidea ere, beraiek aginduta aldatu egin zen. Hala eta guztiz ere, orain arte hamalau salaketa ailegatu dira eta bertan diotenez isunak 50.001 eta milioi bat pezeta artekoak izanen dira. Hala ere, harritzekoa zera da, salatutako ge­hienei pankarta eramatea leporatzen diotela eta egun horretako ekitaldian ez zela pankartarik erabili. Edo Leitzan ez zegoen pertsona bat ere salatu dutela. Edo, inorri karnetik eskatu ez eta denen izen-abizenak jakitea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun