Idazteko zaletasuna duten 16 urtetik gorako herritarrentzako Literatur Lehiaketa antolatu du ALKE Kultur Elkarteak. IV. edizioa izanen da aurtengoa eta batetik, narrazio eta ipuin lehiaketa izanen da eta bertso-paper lehiaketa bestetik. Denak ere euskaraz eginak izan beharko dute eta gaia librea izanen da. Orriek DIN-A4 tamainakoak izan beharko dute, eta alde bakarretik idatziak, lerro-tarte bikoitzaz.
Narrazio eta ipuin lehiaketak, gutxienez lau orrikoa izan beharko du, eta 16koa gehienez. (Arial motako letra erabili eta 11 tamainakoa).
Bertso-paper lehiaketan, gaia bezala, neurria ere librea izanen da eta lau bertsotik gorako eta 16tik beherakoa izan beharko du.
Aurkezpena
Lan bakoitzaren hiruna kopia aurkeztu beharko dira, izengoiti batekin sinatuta. Gutunazal itxi baten barnean, berriz, egilearen datuak adieraziko dira: izen-abizenak, helbidea eta telefonoa. Lanak Astiz eta Maimur liburu-dendentan aurkeztu behar dira, eta urriaren 31n bukatuko da epea.
Sariak
Sari banaketa azaroan eginen da. Parte-hartzaile guziek izanen dute sariren bat, eta sail bakoitzeko irabazleak, berriz, 150 euro eskuratuko ditu, eta bi lagunentzako otordua. Lanen bilduma egiteko asmoa ere badu ALKEk, gero Interneten paratzeko, eta liburutegian eta eskoletan ere banatuko da.