Aranoko haurrak Goizuetako eskolara joaten dira aspaldiko urteetan. Hasiera hartan haur dezente joaten bazen ere, azken urteetan beheraldi nabarmena izan dugu biztanle txikienetan batez ere. Hala ere, badirudi buelta hartua duela beheranzko joera horrek eta aurten zortzi dira egunero Aranotik Goizuetara mugitzen diren haurrak. 3 eta 7 urte artekoak dira: Azahara, Ander, Intza, Oihan, Eneritz, Naroa, Jokin eta Unai. Horietatik hiru dira Goizuetako eskolan berriak: Intza eta Oihan, hiru urtekoak, eta Jokin, sei urtekoa.
Esan beharra da, zortzi hauek ez direla Aranoko haur bakarrak. Batzuk oraindik eskolarako garaia iritsi gabea dute eta beste batzuk Donostia eta Hernaniko ikastetxeetara joaten dira.