Dagoeneko ohitura bihurtu da abenduaren 8an Guraso Elkarteak antolatutako Negu Festa eta Euskararen Eguna ospatzea. Eguzki ederrarekin esnatu zen eguna eta kalejiran herriko panderojole eta trikitilariek herria animatu zuten. Bitartean, taloaren usaina zabaldu zen herriko plazan zehar. Pilota partiduek, umeen jolasek eta herriko dantzari txikien emanaldiak osatu zuten goizeko egitaraua.
Herri bazkarian Xebastian Lizaso eta Andoni Egaña bertsolariak aritu ziren, baita Jaione eta Mikel anai-arrebak beren abestiekin. Seigarren trikitixa txapelketa ere egin zen.
Kantu tailerrera joaten diren umetxoak bertso batzuk kantatu zituzten eta hauek izan ziren arratsaldean giro alaiena jarri zutenak.
Ondoren, txokolatada eta dantzaldia izan zen Jaione Olazabalekin. Neska hau, Nafarroako Euskal Kantu txapelketaren finalean aritzekoa zen larunbatean Donezteben eta saio polita egin izana espero dugu. Euskararen Egunean, behintzat, bere dohaiak ederki erakutsi zituen.