Ttipi-Ttaparen 291. aleko kronikan agertutako informazioa dela-eta, Aresoko Euskal Herritarrok udal taldeak zera adierazi nahi du:
1.- Arau Subsidiarioen arabera, U.A. 11 ingurua, urbanizatzeko ingurua da. Horretarako, lurzatiak ordenatu behar dira, bideak optimizatu, saneamendu-sarea bertara eraman, ura, argindarra,... eta ondoren etxebizitzak eraiki. Hori guztia Udalaren eskumena edo konpetentzia da eta hiru urte inguru darama geldirik.
2.- Etxebizitza bat eraikitzen ari da (eta ez etxebizitzak). Etxebizitza hau egiten ari den familia, lurzatia erosteko nahikoa diru gastatu ondoren, dagoeneko nekatu eta gogaitu da Udalak legea bete dezan itxoiteaz, alegia, Udalak ingurua urbaniza dezan itxoiteaz. (espero dugu zailtasunik ez izatea uraren eta saneamenduaren hodiak,... jartzeko garaian, eta lehendik zeuden sareetara egokitzeko aukera izanen dutela)
3.- 10. zenbakia duen lurzatiari dagokionez, bertan babes ofizialeko 6 etxebizitza eraikitzeko Herritarren Elkartearen sorrera geldituta dauka Udalak, duela 2 urte baino gehiago.
4.- Etxebizitzen gaiari dagokionez erabat geldik dago dena. Aresoarrak udal taldeak egoera honetara ekarri gaitu, lur gehienen jabearen interes espekulatiboak babestu dituelako, urbanizazioa egiteak denontzat ekarriko lukeen onuraren aurretik.
5.- Etxebizitzaren gaia da Udalak egin behar duen gizarte-lanaren zati garrantzitsuenetakoa. Adorez gidatu beharreko lana da, bere alde eginez, baldintza egokiak sortuz. Herritarrek, eta batez ere gazteek, ikusi behar dute nahi izanez gero epe ertain batean jaio diren herrian bizi daitezkeela.
6.- Azaldutakoa dela-eta, Aresoko EH udal taldeak hau exigitzen du: U.A. 11 urbanizazioa berehala egitea, eta babes ofizialeko etxebizitzak egiteko herritarren elkartea sortzea.
Areso, 2000ko abenduaren 12a Aresoko EH Udal Taldea